Bihar, maiatzak 17, LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko eguna dugu.
Zizurkil eta Villabonako Udalok aniztasunaren aldeko aldarria egin nahi dugu, ozen eta garbi. Herri anitza nahi dugu, non edozein lasai eta seguru bizi ahal izango den. Non bakoitzaren aukerak eta izaerek herria aberasten duten.
Egun hau baliatu nahi dugu inongo eraso homofoborik ez dugula onartzen esateko ere. Alkohola ez da aitzakia, eztabaidak ezin dira indarkeriarekin konpondu eta are gutxiago irain homofoboekin. Bestelako jendarte eredu bat nahi dugu. Horregatik, asteburuan gure herrietan gertatutakoa irmo salatu nahi dugu.
Zizurkilgo eta Villabonako Udalok lanean jarraituko dugu homofobiaren, xenofobiaren eta matxismoaren aurka. Gure herritarrak, jatorria eta sexu orientazioa edozein izanda ere, askatasunean bizitzea nahi dugu.
Hau guztia dela eta, bihar maiatzak 17, elkarretaratzea deitzen dugu Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Udalok, eguerdiko 12:00etan, bi herriak batzen dituen oinezkoen zubian. Bertan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritarrak.