Bizipoza jaialdia, ekainean

Bizipoza Jaialdia Amasa-Villabonan ospatuko da ekainaren 17an eta 18an. Lehen egunean, Oinkari Dantza taldeko kideek emanaldia eskainiko dute bi saiotan ikusteko aukera izanik, eta bigarren egunean, Aiztondo bailarako nahiz Anoeta eta Irurako eragileen emanaldiak, kontzertuak, Pirritx Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna eta aurtengo elkarte antolatzaileek; Oporrak Bakean, Etiopia Utopia, Aspanogi eta Naizen elkarteen proiektuak ezagutzeko aukera izango dugu.

Atzo Amasa-Villabonan egin zuten festaren aurkezpena. Aiztondo bailarako herriak, Irura eta Anoeta izango dira aurtengo udalerri ekintzaileak. Leire Elizegi Bizipoza elkarteko Gipuzkoako koordinatzaileak azaldu zuenez, "guztiok helburu berarekin elkarturik gaude; Aiztondo bailara, Irura eta Anoeta guztiontzat izan beharko lukeen herri inklusiboa erakitzeko, euskaratik eta euskaraz". Helburu nagusi horri heltzeko Bizipoza jaia antolatuko dute: "Oinarrian, elkartasuna, bizipoza, euskara, kultura, hezkuntza, alaitasuna, auzolana eta herrigintza sustatzen duen egitasmoa izango dena”.

Ainhoa Beobide ari da Aiztondo bailarako Bizipoza jaialdiko koordinatzaile lanak egiten. Hark ere hitza hartu zuen, jaialdiaren ardatz nagusiak azaltzeko: Lehenengo ardatza, ikastetxeetako lanketa izango litzateke; Porrotx pailazoak Bizipoza aurkeztu eta haurrei erronka berezia jarri die Bizipoza zer den herrian zabaltzeko, ondoren, apiriletik maiatzera bitarte ikastetxeetan eurek aukeratutako sentsibilizazio saioak egingo dituzte, eta azkenik, gida didaktikoa sortu eta ikastetxeetan lantzen arituko direla azaldu zuen. Bigarren ardatza, herriko eragile eta elkarteekin bildu eta Bizipoza Jaia aurkeztea izan dela adierazi zuen Beobidek, eta, honekin batera, herriei gonbidapena luzatu zaiela helarazi zuen, norberak bere herrian aurkezpen ekitaldia antolatu eta herrian bizipoza zabaltzeko helburuarekin. Azkenik, hirugarren ardatza plazaratu du Aiztondoko koordinatzaileak; ekainaren 17an eta 18an burutuko diren ekitaldiak, hain zuzen.

Ekainaren 17an, Oinkari dantza taldea izango da protagonista. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen 22 kanturekin egingo dute dantza, bi saio eskainiz. Ekainaren 18an berriz jaialdi handia ospatuko da, eragile ezberdin askoren parte-hartzearekin.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.