Zizurkili ‘alcalde de sacas’ aukeratzea egokitu zitzaionekoa

Rosa Ayerbe ikerlari eta irakasleak dokumentu bat igorri berri du Zizurkilgo Udaletxera, 1755eko jazoera bat kontatuz. Udaleko artxibategian eta Plazida Otaño liburutegian dago idatzia, herritar guztien eskura. ‘Alcalde de sacas’ figura zer zen ezagutu eta 1755eko gutun berezi bat irakurtzeko aukera eskaintzen du liburuxkak.

Garrantzia handiko postua zen ‘alcalde de sacas’ izatea. Mugazain lanak egin behar zituen Irunen, eta bere lana zen debekatutako ondarerik mugetatik kanpora ateratzen ez zela kontrolatzea.

‘Alcalde de sacas’ delakoa aukeratzeko, Batzar Orokorretan bozka zuten 10 bailara eta udalerriren arteko zozketa egiten zuten. Urtebeteko ardura zuen bailara bakoitzak eta, zozketa bidez aukeratzen zuten ardura hori betetzeko hurrenkera. 1747ra arte, herri bakoitzak aukeratzen zituen lan hori egitera joango ziren bi herritar; alkate postua hartuko zuena, eta bere laguntzailea. 1747an, ordea, aukeraketa modu hori aldatzea erabaki zuen eta, aurrerantzean, batzarrak berak aukeratuko zuen zeintzuk izango ziren bi ordezkariak.

1755ean, Zizurkili egokitu zitzaion mugazain lan horiek egitea. 1755eko uztailaren 3an, Elgoibarren elkartu zen batzar orokorra, eta Zizurkilgo bi pertsona aukeratu zituzten posturako: Mariano de Irarreta eta Gabriel Ameztoi. Zozketa bidez erabaki zuten Irarreta izango zela ‘alcalde de sacas´ eta Ameztoi bere laguntzaile. Zizurkil udalerriaren haserrea piztu zuen aukeraketa honek, izan ere, Mariano de Irarreta ez baitzen zizurkildarra, asteasuarra baizik. Ganadua zuen Zizurkilen, baina ez zen bertan bizi.

Osoko bilkura egin zuten udaletxean eta, Elgoibarrera ordezkari bat bidaltzea erabaki zuten, Irarretaren aukeraketa bertan behera uzteko eskatzera. Izendapenak, ordea, aurrera egin zuen.

Gutuna

Gertaera horiek guztiak jaso zituen Urola ibaiko burdinola batean lanean ari zen pertsona batek. 1755an idatzitako gutun batean azaldu zituen gertaerak, umorez eta oso idazkera bereziz. Historiaren Errege Akademian jasota dago gutun hori.

Maria Rosa Ayerbe Iribarrek aztertu du 1755an jazotakoa, eta baita argitaratu ere. Bere argitalpeneko zenbait ale igorri ditu Zizurkilgo Udalera eta, dagoeneko herritar guztien eskura dago ale bat Plazida Otaño liburutegian, baita udal artxibategian ere.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.