Presoen eskubideen aldeko manifestazioa, abenduaren 31n

Aiztondo bailarako Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udalek manifestazio isila antolatu dute abenduaren 31ean arratsaldeko 18:30etan. Villabonako Errebote plazatik hasiko dira eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan amaituko dute. Joan zen astean egindako agerraldian, honako testua irakurri zuten:

 

"2022. urtearen amaierara heldu gara eta beste urte batez hemen gaude, euskal presoen eskubideak errespeta daitezela aldarrikatzeko mobilizazioa antolatu dugula iragartzeko. Aiztondoko udal ordezkariok gure konpromisoa berresten dugu euskal presoen eskubideen defentsan.

Zorionez, euskal alderdi politiko, sindikatu eta erakunde sozialen ahaleginari esker, baina, batez ere, gizarte zibilaren bultzada irmoari esker, presoen urruntze-politika desagertzea lortzen ari gara.

Gaur da eguna, Aiztondoko preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan daudena. Bada zerbait.

Horregatik une egokia da, dispertsio eta urrunketa politikak eragindako sufrimendua gogora ekartzeko. Presoen senide eta lagunak zigortzeko helburuarekin martxan jarritako politika anker horien ondorioz, urte luzez Aiztondoko senide eta lagunek milioika kilometro egin behar izan dituzte errepideetan, horrek zekarren arriskuarekin. Astebururo ordu mordoa bidaiatzen pasa behar izan dituzte, senide edo lagun presoarekin 40 minutuko bisita bat edukitzeko. Aiztondoko ehunka herritarrek derrigorrez ezagutu behar izan dituzte Huelva, Curtis, Puerto de Santa Maria, Granada, Algeciras, Fleury edo Fresnes bezalako espainiar eta frantziar hirien zerrenda luze bat.

Zorionez, dispertsioa eta urrunketa, milaka euskal herritarren eskubideak urratu dituen politika zentzugabea, gure herriaren historiako pasarte ilun bat izatera pasako da laster. Hori bai, errepideetan hildako 16 pertsona eta ehunka zauritu atzean utziz.

Hala ere, tamalez, euskal presoek pairatzen dituzten eskubide urraketak oraindik ez dira amaitu.

Alde batetik, espetxeetako bizi baldintzek asko dute hobetzeko, bis familiarrak hilero egiteko eskubidea ez da errespetatzen, ez da mediku asistentzia egokia bermatzen eta birgizarteratzeko baliabide gehiago behar dira.

Bestalde, arlo politiko eta batez ere judizialean, espainiar estatuko sektore kontserbadore eta ultrak atzera egin nahian dabiltza. Teknikoak izan behar luketen erabaki judizialak eskuin-mutur politikoaren postulatu eta ideologiaz zipriztintzen ari dira, berriro ere euskal presoen eskubideak urratuz. Estatuko fiskaltza eta Auzitegi Nazionala erabiltzen ari dira errepresio tresna bezala.

Espetxean bi hamarkada, edo hiru ere, bete dituzten presoek hirugarren gradua eta erdi-askatasuna lortu ondoren, behin eta berriro ikusten ari gara berriro espetxeratu egiten dituztela, bigarren gradura bueltaraziz. Hori ez da justizia. Hori mendekua da.

Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradura eta erdi-askatasunera igarotzea onartu dien 33 presoetatik 23 errekurritu ditu fiskaltzak; horietatik 6 espetxera itzuli dira eta 13 Espetxe Zaintzako Epaitegiaren erabakiaren zain daude. Horrela, Auzitegi Nazionalak boikota egiten die espetxeetako profesionalen erabakiei, haiek baitira presoen bilakaera ezagutzen dutenak.

Aiztondoko udal ordezkariok tinko salatzen ditugu euskal presoen etxeratzea oztopatzeko aplikatzen ari diren gradu erregresio horiek guztiak.

Espainiar eskuin muturrak sustatutako atzeraldi honen aurrean, Euskal Herrian berriro ere, bakea, bizikidetza eta konponbidea aldarrikatzea dagokigu. Giza eskubideak defendatzen ari gara eta horretan ez dugu inoiz atzera egingo.

Amaitzeko, ahalik eta azkarren euskal presorik gabeko eszenatoki bat lortzeko itxaropena plazaratu nahi dugu, hori izango baita herri honetan bakean eta elkarbizitzan aurrera egin dugunaren adierazlerik garbiena.

Guzti honegatik, Aiztondo bailarako Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udalek MANIFESTAZIO ISILA antolatu dugu ABENDUAREN 31n 18:30etan Villabonako Erreboteko plazatik hasita, Zizurkilgo Joxe Arregi plazaraino".

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.