Danok Danena halterofilia taldeko kideek joan zen asteburuan jokatutako txapelketaren kronika bidali dute:
"Joan zen larunbatean, azaroaren 5ean, Basaurin, Euskadiko 17 urtez azpiko txapelketa ospatu zen. Oraingo honetan ere, Eki Lizaso Bringasek harritu egin gaitu, txapelketa irabazteaz gain Euskadiko lau errekor berri ezarriaz. Kontuan izan behar da Espainiako txapelketa izango balitz, ezarritako marka hauek Espainiakoak izango zirela.
96 kilo kategorian ezarri dituen marka berriak ondorengoak dira: 125 kilo abiadan eta 155 kilo bi denboratan, gehi 275 kilo eta 280 kilo total olinpikoan. Ez degu ahaztu behar gaztetxo honek bi urte besterik ez daramala halterofilia egiten eta ezin diogula gehiago eskatu, ezarritako marka hauek nazioarteko mailakoak baitira.
Azpimarratzekoa da, Ekaitz Cortajarenak eta Jon Ander Iriartek zuzendu zutela Eki maisuki txapelketa osoan. Bi hauek esperientzia haundia daukate, oso gaztetatik ari baitira taldean eta, txapelketa askotan hartu dute parte. Orain entrenatzaile lanak egiten hasiak daude eta datorren erreleboa izan daitezke. Zorionak bai Ekiri bai bi prestatzaileei, egin duten talde lan onagatik".
Hurrengo hitzordua Irunen izango dute Danok Danena taldeko kideek, abenduaren 3an, Gipuzkoako Taldekako Emakumezko eta Gizonezkoena.