Urriko osoko bilkuran onartu dira 2023ko zerga eta tasak, EH Bildu eta EAJ-ren aldeko bozkekin.
Datorren urteko tasetan %1,5eko igoera orokorra izango da. Hondakinen tasa izango da igoerarik handiena izango duena, baina hobariak ere igo egin dira.
Hondakinen tasa orokorra 75 eurokoa izan da 2022an eta, datorren urtean 80 eurokoa izango da. %6,6ko igoera suposatzen du horrek. Hobariek ere igoera nabarmena izan dute, ordea. Hobari etxetiarra, hondakinak ondo sailkatuta ateratzeagatik ezartzen dena, 53,5 eurokoa izango da. %9,18ko igoera suposatzen du horrek. Hondakin organikoa etxean kudeatzen dutenek berriz, 58,5 euroko hobaria izango dute 2023an, iazko baina %7,33 gehiago.
Merkatariek, bestalde, %10eko hobaria izango dute euren hondakinen tasan, bereizketa egokia egiten badute.
Zerga berdea ere onartu zen urriaren 24ko osoko bilkuran.
Ondasun higiezinen gaineko %50eko hobaria ezartzen da, euren kontsumorako izango den energia sortzeko, aprobetxamendu termikorako edo elektrikorako sistemak jartzen dituzten etxebizitzentzat. Hobari hori, sistema martxan jartzen denetik bost urtean aplikatuko da eta jasotzen hasteko epea, eskaria egin eta hurrengo urtean hasiko da
Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergari dagokionez, bestalde, %95eko hobaria jaso ahal izango dute autokontsumorako energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemak erabiltzen dituztenek (eguzki-energia, haize-energia, eta abar). Dena den, hobari hau aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da beroa sortzeko instalazioak Administrazio eskudunak homologatutako kolektoreekin hornituta egotea
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan ere, hobari bereziak onartu ziren.
Batetik, motor elektrikoa duten ibilgailuek %55eko hobaria izango dute zerga-kuotan, lehen aldiz matrikulatzen direnetik hasita bost ekitalditan zehar.
Bestetik, motor hibridoak dituzten ibilgailuek eta erregai gisa gasa erabiltzen dutenek, gas naturala, petroliotik likidotutako gasak zein bioetanola erabili, %45eko hobaria izango dute zerga-kuotan, lehen aldiz matrikulatzen direnetik hasita bost ekitalditan zehar.
Urriaren 24ko osoko bilkuran, bestalde, 2021eko likidazio txostena ere onartu zen. Txosten horrek jasotzen duenez, Udalaren zorpetze maila %11,84ra jaitsi da.