Gero eta zailagoa da etxeko beharrak asetzeko oinarrizko energia zerbitzuak –argia, gasa, berokuntza, ur beroa edo sukaldatzeko argindarra– prezio duinean jasotzea, are gehiago prezioen gorakadarekin. Pobrezia energetikoa deitzen zaio horri.
Hori ikusirik, eskualdean pobrezia energetikoa jasaten duten edo jasateko arriskuan egon daitezkeen familien inguruko diagnosia egin du Tolosaldea Garatzenek, egoera honi aurre egiteko neurrien abiapuntu gisa. Horretarako, Gipuzkoako Pobrezia eta Gizarte Bazterkeriaren 3. inkestako eskualdeko datuak ikertzeaz gain, eskualdeko eragileekin elkarrizketak ere egin dira, egoera honen kudeaketa maila ezagutzeko.
Ostiralean aurkeztutako datuek ondorioztatzen dutenez, Tolosaldean 3.160 etxebizitzak (eskualdeko etxeen %16,4k, alegia) pobrezia erlatiboa pairatzen dute, eta beste 987 etxebizitzak (%5,3), berriz, pobrezia larria. Hau da, 4.000 etxebizitza baina gehiagotan –eskualdeko ia laurden batean– antzematen da, modu batera ala bestera, pobrezia energetikoa.
Neurketa horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat SIISek egindako txosteneko (2021) lau adierazle hartu dira kontuan:
- Gehiegizko gastua: lurraldeko etxebizitzen batez besteko gastua biderkatzen duten etxeen ehunekoa da. 2018an %12,7koa zen (85.858 pertsona). 2020an %15,1 izatera pasa da.
-
Ezohizko gastu baxua: lurraldeko etxebizitzen batez bestekoak duen gastu energetiko totalaren erdia baino gutxiago dutenen kasuan, 2018an %6,1koa zen (43.751 pertsona) datua, eta 2020an, %6,2koa (48.386 pertsona). Azpimarragarria da ehuneko garrantzitsu batek diru-sarrera altuak dituela.
-
Neguan etxea tenperatura egokian mantentzeko ezintasuna. Jaitsi egin da, 2018an %9,4 (60.832 pertsona) izatetik, 2020an %7,8 (59.756 pertsona) izatera. Espainian guztiz kontrakoa gertatu da, %9,6tik %11,1era igaro da.
-
Fakturen ordainketan atzerapenak: 2020an Gipuzkoako etxebizitzen %3,1ak (27.900 pertsona) energia fakturak ordaintzeko atzerapenak izan ditu; 2018an %0,9ak (7.398 pertsona) bakarrik.
Adierazle horiek aztertuta, ikusten da energia-fakturaren pisu erlatiboa etxebizitzaren gastu totaletik gutxitu den arren, azken hamarkadan igoera gehien izan duen bigarren gastua dela: %3,3koa da, hain zuzen.
Etxebizitzen egoerak ere badu eragina. 1979a baino lehen eraikitako etxebizitzetan bizi da gipuzkoarren %61,3, eta, garai hartako eraikuntza arauek efizientzia eskakizun txikiagoak dituztenez, 2007an eraikitako etxebizitza batek baino 2,8 aldiz gehiago gastatu dezekete berogailuan, EEEren arabeera.
Profilari lotutako arrisku faktoreak
Faktore askok eragiten dute pobrezia energetikoan: egoera pertsonalak (familia egitura, lan baldintzak, diru-sarrerak…), merkatuak (prezioa), inguruneak (klimak) edo etxebizitzaren isolamendu eta ekipamenduen baldintzak, besteak beste.
Hori kontuan hartuta, zaurgarritasun handia dutenen profila zehaztu da: pertsona bakarreko eta diru-sarrera maila baxukoak dira zaurgarrienak, batik bat, 45 urtetik gora izan eta lanik gabe daudenak.
Are gehiago, langabezia egoeran dagoen pertsona batek 12,3 aldiz aukera gehiago ditu pobrezia energetikoa pairatzeko (SIIS, 2018). Tolosaldeko langabezia datuak kontuan hartuta, 3.184 pertsona izango lirateke eskualdean.
Etxebizitzaren jabe ez izateak ere arriskua areagotu lezake; bost aldiz altuagoa da pobrezia energetikoa pairatzeko aukera, jabe ez direnen kasuan (SIIS, 2018).
Etorkinek ere pobrezia mota hau sufritzeko duten arriskua 5 aldiz handiagoa da (SIIS, 2018). Eskualdean %10,57 dira etorkinak, 2.081 pertsona, hain zuzen.
Guraso bakarreko familien kasuan, 4 aldiz aukera gehiago dute (SIIS, 2018). INEren arabera, Tolosaldean mota honetako 1.400 familia daude.
Emakume izatea da bosgarren arrisku faktorea; 2,6 aukera gehiago dute pobrezia mota hau pairatzeko (SIIS, 2018).
Arreta hobetzeko urratsak emanez
Tolosaldean pobrezia energetikoa pairatzen dutenei gizarte zerbitzuek emandako erantzunen analisia ere bildu du diagnosiak. Zerbitzuaren mugak eta praktika onak ezagutzeko aukera eman du horrek, hobetzeko jarduera protokolo bat sortzeko.
Tolosaldean 202 familia artatzen dira urtero pobrezia energetikoko arazoekin. Eta horietako 66 baino ez dira iristen gizarte zerbitzuetara, hornidura mozketak direla medio. Oso baxua da artatutako familia kopuruaren datu hori, pobrezia arrisku egoeran daudenekin alderatuz gero; hori dela eta, arreta areagotzea da ezarri berri den helburu nagusienetako bat.
Gizarte zerbitzuetara jotzen dutenen kasu guztietan faktura ordaintzeko laguntza ematen da, besteak beste, bono sozialaren eskaeran lagunduz. Hala ere, gizarte zerbitzuetako arduradunek azaldu dute ez dutela pobrezia energetikoari lotutako inolako formaziorik jaso.
Hori dela eta, Pobrezia Energetikoaren aurkako Formakuntza Programa abiatu da maiatzean, Goienerren laguntzarekin. Gizarte langileak ahaldunduz, erabiltzaileei eta herritarrei laguntza eta informazioa era integralago batean eman ahal izatea ahalbidetu nahi da horrela. Gizarte zerbitzuetako langileek ez ezik, Ertzaintzak, Osakidetzak, Udaltzaingoak, Gurutze Gorriak eta zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboekin lan egiten duten eskualdeko elkarte eta eragile sozialek ere parte hartu dute saioetan, guztiek rol garrantzitsua izan baitezakete-eta, pobrezia energetikoaren prebentzioan eta irtenbidean.
Aurrera begirako bestelako proposamenen bide-orri bat ere biltzen du diagnosiak. Besteak beste, kasuak identifikatzeko eta bideratzeko jarraibide argi eta zehatzak biltzen dituen protokolo baten beharra erakutsi du azterlanak. Energia bulegoaren rola, zentzu horretan, giltzarri izan daiteke, zuzeneko aholkularitza emanez, prebentzioan lan eginez, eta komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpainak eginez.
Protokoloaz gain, gainera, kasuak koordinatzeko sare edo mahai bat sortzea proposatzen da, kasuak identifikatzen edota kudeatzen laguntzeko prest dauden kanpoko eragile guztien artean.
Azkenik energiaren eta energia-pobreziaren sektorean okupazio-planak sustatu nahi dira, profesionalak gaitzeko eta arlo horietan aditu bihurtzeko, eta kalteberak diren kolektiboekin arreta lanak gauzatzeko. Horretarako lanbide-prestakuntza espezifikoa ematea beharrezkoa izango da.
Pobrezia energetikoaren aurkako plan hau, Tolosaldea Garatzenen eta eskualdeko udalerrien Piztu Tolosaldea 2021-2024 Tolosaldeko Energia Estrategiaren barruan kokatzen da. Plan honen bidez, burujabetza energetikoa, komunitate energetikoen sorrera, etxebizitzen birgaitzea, aurrezpen ekonomikoa eta elektromugikortasuna sustatu nahi dira eskualdean.