Gaur eta bihar jokatuko dira Lau eta erdiko II Intxaur txapelketa Abeletxe Saria-ko azken final-laurdenak. Azken uneko aldaketa batzuk egon dira parte hartuko duten pilotarien artean.
19:00etan hasiko dira partidak gaur.22 urtez azpikoen mailan, Unai Amiano eta Ariztegiren arteko partida zegoen iragarrita, baina Iker Amiano eta Iker Zubeldia arituko dira nor baino nor. Itxaso Erasun eta Garai lehiatuko dira emakumeen artean, eta gizonen elite mailan berriz, Jon Erasun zizurkildarra eta Murua izango dira nor baino nor.
Bihar, larunbata, Altuna eta Odriozola arituko dira 22 urtez azpikoen mailan. Emakumeen artean, Zabaleta eta Etxegaraien artekoa zegoen iragarrita, baina bigarren honek ezingo du jokatu eta Nora Mendizabal andoaindarra arituko da haren ordez. gizonezkoen elite mailako partidan ere aldaketa bat izan da. Elola eta Mendizabalen arteko partida iragarri bazen ere, Olaetxea irurtzundarraren aurka arituko da Elola.
Asteburu honetako partidekin, erabakita geratuko da finalaurrekoetan arituko diren jokalarien zerrenda. Uztailaren 30 eta 31n jokatuko dira finalaurrekoak eta abuztuaren 6an ospatuko da final handia.