Tolosaldeko landa eremuko garraio publikoaren inguruko mozioa onartu du Udalak

Zizurkilgo EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuen atzo Udala, EH Bilduren baiezko bozkekin eta EAJ zein PSOE alderdien abstentzioarekin. Azken hilabeteetan garraio publikoko zerbitzuan atzera egin dela antzeman da, modu berezian herrigunean. Esaterako, azken hamarkadetan batxillergoa edota Lanbide Heziketa egiten zuten herriguneko gazteek, bermatua zuten autobus zerbitzua. 2021an, ordea, eten egin zen zerbitzu hori Udalak saiakerak egin baditu ere, ez da aurrera urratsi eman. Azken hilabeteotan, gainera, eskaripeko zerbitzurako egin diren eskariri ezezkoa erantzun diote.

Horren guztiaren aurrean, honako mozioa onartu zuen Zizurkilgo Udalak, maiatzaren 30ean egindako osoko bilkuran:

 

GARRAIO PUBLIKOA TOLOSALDEAKO LANDA EREMUETAKO HERRIETAN

Gipuzkoa lurralde deszentralizatua da demografikoki, eskualde anitz eta tamaina ertain zen txikiko herri ugarirekin. Eta gurea, Tolosaldea, herri zein auzo txiki gehien duen eskualdea da.

Mota honetako eremu batean garraio publikoa antolatzea erronka handia da, baina Zizurkilgo EH Bildutik uste dugu atzera urratsik ezin dela eman. Azken hilabeteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak atzera egin duela ari gara ikusten Zizurkilen, eta modu berezian herrigunean.

Lurraldebus-etik ezezkoa eman zaie eskaripeko zerbitzurako egin diren zenbait eskariri, herriguneko gaztetxoen arratsaldeko mugikortasuna erraztera bideratutako eskariak izan dira eta Udalak jarraituko du horretarako bitartekari lana egiten. Dena den, bada, Zizurkilgo EH Bilduren ikuspuntutik, inola ere onargarria ez den zerbitzu murrizketa bat: Batxilergo eta Lanbide Heziketako herriguneko ikasleak ikastetxe publikoetara eramaten zituen autobus zerbitzua kendu izana. 2021eko irailean eten zenetik, egoera bideratzen saiatu gara baina aurrera urratsik ez dela ematen ikusita, gaia Udalbatzara ekartzea ezinbestekoa ikusi dugu.

Batxilergo zein Lanbide heziketako herriguneko ikasleek (16-18 urte artekoak gehienak) herrigunetik bertatik autobus zerbitzua bermatua izan dute azken hamarkadetan, formula ezberdinen bidez. Azken 20 urteetan TSST enpresako autobusa igarotzen zen herrigunetik goizero, gaztetxoak hartu eta Asteasura joanez, handik Elbarrenan barrena Tolosako Orixe institutua eta Lanbide Heziketako zentrua lotuz. Zizurkilgo Udalak hitzarmen baten bidez laguntzen zuen zerbitzu hori. TSST empresa desagertu ostean, ordea, Lurraldebus-ek abisurik eman gabe uko egin dio herrigunetik igarotzeari eta herriko gaztetxoak euren gurasoen menpe geratu dira Elbarrenara jaisteko eta eguerdian herrigunera igotzeko. Ez gara aisialdiaz ari, derrigorrezkoak ez diren arren, oinarrizkotzat jo ditzakegun ikasketak egiteaz baizik. Borondate kontu hutsa deritzogu autobusa,  egunean bitan, herrigunetik igarotzearena. Urteetan arazorik gabe egin izan dena. Momentuz ordea, Lurraldebusen aldetik, ezezkoa da erantzun bakarra. Egoera honek ikasketa prozesuan traba handia ekar dezake herriguneko hainbat gaztetxorengan, bereziki familia zaurgarrietako kideengan.




Horregatik, Zizurkilgo Udalbatzak zera adierazi nahi du:

  1. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Lurraldebus-i eskatzen diogu hamarkadetan herriguneko gaztetxoei eman zaien zerbitzu hori berrezartzeko bideak topa ditzatela eta Zizurkilgo Udalaren laguntza eskaintzen diogu horretarako.

  2. Oinarrizko deritzogu gaztetxoek garraio publikoa izatea ikastetxe publikoetara joateko eta erakundeetatik bermatu beharrekoa.

  3. Herri eta auzo txikiak bizirik nahi baditugu, garraio publiko zerbitzu duinak behar ditugula.

  4. Tolosaladeako garraio publikoaren esleipena egitear dagoenez, Tolosaldea Garatzenen bitartez eta bide batez eskualdeko herrien beharrei erantzuteko diseinatutako oinarriak ezar ditzala Foru Alduandiak.

  5. Udalbatzaren ebazpen hau, Gipuzkoako Foru Aldundira eta Lurraldebus-era helaraziko dugu.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.