Basoa izan da aurtengo gai nagusia Agenda 2030 ekimenaren barnean. Ikasturtean zehar landutakoa Udalari aurkeztera gerturatu ziren atzo Zubimusu ikastolako eta Pedro Mari Otaño herri eskolako kideak.
Basoan ikusitakoen inguruko hausnarketa egin dute gaztetxoek eta haien ondorioak azaldu zituzten. Zenbait erronka ere luzatu zioten Udalari. Hala nola, zuhaitzak identifikatzeko txartelak jartzea, zuhaitz landaketak egitea eta basoen garbiketa egitea.
Ainhoa Azpeitia Ingurune teknikaria, Sara Berasategi idazkaria, Mari Jose Azurmendi basozaina eta Iker Urruzola alkateak egin zieten harrera. Adi entzun zituzten gazteen azalpenak. Basozainaren azalpenak gustura hartu zituzten bertaratu zirenek eta amaieran, basoaren inguruan ikastakoak erakusteko aukera izan zuten guztiek, hainbat eta hainbat zuhaitzen izenak zerrendatuz.