20 eta 44 urte arteko gazteak lan-merkatuan sartzeko programa da Hazilan. Lanik gabe dauden, beren ikasketekin bat datorren lanpostu baten bila dabiltzan edota lanean egonda, beren baldintzak hobetu nahi dituzten gazteek dute parte hartzeko aukera, beti ere goi-mailako ikasketak badituzte.
Programa bi fasetan banatzen da: lehenik, izena eman duten guztiek taldean 80 orduko formazio fase bat jasotzen dute. Aurten, maiatzaren 2tik 24ra izango da. Saioak astelehenetik ostiralera izango dira, Lehiberri Zentroan, 09:30etik 14:30era.
Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Saileko arduradunek gidatutako oinarrizko konpetentzia sozioprofesionalak garatzeko eta enplegu bilaketa hobetzeko saioak izango dira horiek: autonomia, motibazioa, espektatiben kudeaketa, komunikazioa, gatazken kudeaketa, erabakiak hartzeko gaitasuna, plangintza… Talde-dinamikak ere egingo dituzte, eta amaieran jarraipen pertsonala izango dute parte hartzaileek.
Lehen fase hori amaitutakoan, ekainetik irailera bitarte, Tolosaldeko enpresa edo erakunderen batean, udaletan esaterako, praktikaldia egingo dute, norberaren profilera egokitutako lanpostuetan, lan-esperientzia hartzeko eta lan-aukerak sustatzeko.
Izen-ematea martxan
2022ko lehen taldea osatzen ari da Enplegu Saila, eta apirila amaierara arte izango da izena emateko aukera. Horretarako, Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu helbidera idatzi edo tolosaldeagaratzen.eus web orriko Hazilan gunean datuak bete beharko dira. Izen-ematea doakoa da.
Irailean ere Hazilan programaren bigarren talde bat osatzeko asmoa dute, nahiz eta horretarako datak oraindik ez dituzten finkatu. Dena dela, interesadunek, Enplegu Sailarekin aipatutako bideetatik harremanetan jartzeko aukera dute.