2022ko udal aurrekontuak, onartuta

4.143.029 euroko aurrekontua izango du Zizurkilgo Udalak 2022an. Lehen aldiz gaindituko da 4 milioi euroen langa.  Urtarrilaren 31ko osoko batzarrean onartu zituzten, EhBilduren aldeko bozkekin eta EAJ eta PSOE-ren abstentzioarekin.

Iazkoekin alderatuta, %17,26 hazi da Zizurkilgo Udalaren aurrekontua. Ohiko gastuei aurre egiteaz gain, inbertsio ezberdinak egiteko aukera eskainiko dio horrek udalari. Iker Urruzola alkateak eman ditu azalpen guztiak. “Zizurkilgo Udalak 650.000 euroko zorpetze maila izango du aurten, %18,5 alegia. 2011n, esker abertzalea Udalera iristen zenean, zorpetze maila hori %100koa zen. Hamar urte hauek behar izan ditugu egoerari buelta eman ahal izateko. Zorra orain dugun maila horretan mantentzea da helburua”.

Udalaren helburua zorpetze maila jasangarria mantentzea da. Hala azaldu du Urruzolak: “Gure filosofiari jarraituz, nahiago dugu zor hori mantendu, gizarte zerbitzu ona eskaintzeko bada”.

Ohiko gastuei dagokienez, doiketa lanak egin dituzte aurrekontuetan: “Energia gastuen neurketa erreala egin dugu aurten, eta horrek diru gehixeago utzi digu beste gastu batzuei aurre egin ahal izateko”. Horrez gain, udaleko webgunea berritzea ere izango da 2022ko helburua. “Bestalde, diru kopuru garrantzitsu bat gorde dugu jai giroko ekitaldietarako. Bada garaia gazteekin elkartu eta haien iritzia entzunez, herrian zerbait antolatzekoa”.

Herria txukuntzeko ekimenak ere sartu dituzte herrian. “Bulandegiko proiektua amaitze bidean da eta, Itxaropena inguru horretan, plan orokorraren aldaketa egin behar da”, azaldu du Iker Urruzolak.

Beste erakundeei egiten zaizkien diru-ekarpenei dagokienez, Tolosaldeko Emakumeen etxearen sorrera prozesuko azken txanpan, ekarpena egingo dio udalak. Aranzadik egingo duen giza eskubideen urraketen inguruko ikerketarako ere diru kopuru bat jarriko du Udalak eta, azkenik, “hainbat eragilerekin hitzarmen  egingo ditugu eta ez dira diru-laguntzen konkurrentzian sartuko; herri komunikabideak sartuko ditugu hor, gure konpromesua erakutsiz. Elhuyar, Oinherri, Goiener… ere hitzarmenak sinatuko ditugu. Urte honetan zehar haiekin ekimen ezberdinak martxan jartzeko asmoa dugu”.

Pello Mari Otañoren pelikula egiteko ere diru ekarpena egingo du udalak. “Herriko pertsonaia garrantzitsu baten inguruen egitekoa duten pelikula diruz laguntzea garrrantzitsua dela iruditzen zaigu”, azaldu du Ikerrek.

Inbertsioei dagokienez, hainbat ekimen aurreikusi dituzte aurrekontuetan. Urruzolak azaldu duenez, “azken bi urte hauetan moteldu egin da lanerako erritmoa. Mantso joan gara baina atzeko lanetan asko aurreratu dugu. Bulandegiko obrarekin egingo dugu esfortzurik handiena. Joxe Arregi plazatik, Argietxe ingururaino iritsiko litzateke lehen fasea, errepidearen bi aldetara. Aurten 325.000 euroko partida jaso dugu horretarako eta datorren urtean falta diren ia beste 300.000 euro jarriko direla kontuan hartuz”.

Danenaren atzeko espacio horretan, aisia eta kirolari eskainitako gunea jartzea aurreikusten du Udalak: “110.000 eurorekin, kirol gune txiki bat jarriko dugu, halterofilia, txirrindularitza eta atletismo taldeari erantzuna emanez. Horrekin batera, Danena gaikaldeko aparkalekuko zorua guztiz txukunduko da. Bizikletak konpontzeko gunea jarriko dugu bertan, eta baliteke auto elektrikoak kargatzeko gunea ere jartzea. 85.000 euro gorde ditugu horretarako”.

Herrigunean, etxebizitzen eraikuntza aurreikusi dute Etxe Maite eta Plaza Etxeberri inguruetan. Horri lotuta, “orain dugun argindarra nahiko justua da. Bi gune berri horien argindarra bermatu eta herriaren gainerako beharrei erantzuteko, transformadore berria jarri behar da. Etxebizitzak egitera doazen promotorak eta Udalak hartuko dute bere gain inbertsio hori”, azaldu du alkateak.

Liburutegi alboko biltegiari txukundu bat eman nahi dio udalak eta horrekin batera, udal eraikinak berrantolatzeko hausnarketa abiarazi nahi du Udalak. Azken Portuko lur kutsatuen inguruko lanketa ere udaberria baino lehen egingo da aurten.

Ekimen berriak ere sartu dituzte aurrekontuetan. “Urtero bi parke berritzea da gure helburua eta horretarako gorde dugu diru kopuru bat. Oraindik ez dakigu zein parke berrituko dugun, baina urtean bi berrituko ditugu”, azaldu du.

Herritarrei zuzendutako beste ekimen bat ere sartuta dago aurrekontuetan. “Lehen sorospen ikastaroak egiteko aukera eskainiko zaie herritarrei 2022an zehar. Zizurkildarrek zerbitzu berriaz gozatu ahal izango dute modu horretan”, gaineratu du alkateak.

Aiztondoko pisu babestuko leihoak eta ateak berritzeko, 30.000 euroko partida aurreikusi dute.”Badira 25 urte etxebizitza hori martxan jarri zela, eta premia du. Energia aurreztu eta hotz-beroak mantentzeko, leiho eta ate berriak jarriko dira. Egoiliarren erosotasuna ere hobetu egingo da, noski”. Atxulondoko lehen solairuan ere energia aurrezteko lan ezberdinak egiteko asmoa du.

Intxaur pilotalekuan lan ezberdinak egin ditu udalak azken urtean. Argiztapen sistema berrituta dago, horrek ekarri duen aurrezpen energetikoarekin. Atea ere berria da. Aurten, margoketa lanak egitea aurreikusten dute.

Herriko konpost-guneak berritzea ere inbertsioen artean sartuta dago. “Herriguneko gunea berrituta dago, eta, Elbarrenan erelan ezberidnak egingo ditugu. Lorategietako hondakin organikoek ekarpen gunea erabat berrituko da. Orain arte irekita zegoen eta beste herrietako pertsonak eta enpresak ere etortzen ziren. Hori kudeatzea oso garestia zen eta aurrerantzean itxita egongo da eta egun jakin batzuetan zabalduko da, herritarrek erabili ahal izan dezaten”, azaldu du Iker Urruzolak.

Piktogramak jartzeko ekimena ere aurrera doa. Udal eraikinetan hasi, eta herrira zabaldu nahi dute ekimena. “Atzeratu egin zaigu ekimen hori, baina gauzatze bidean dela esan dezaket”. Herriko gainerako seinalizazioa ere etengabe berritzen eta moldatzen joango da Udala eta horretarako ere partida bat aurreikusi dute.

Gastuei dagokienez, kredituen amortizazioetan, 230.00 euroko partida jarri izan da azken urteotan. 2022an 171.607 euro bideratuko dira horretara. “230.000 euroko kreditua eskatuko dugu, eta zortzi urteren buruan ordainduta izatea da gure helburua”.

Aurrekontuetan, garrantzitsua da egonkortasuna neurtzea. “Sarrera arruntak, gastu arruntak eta finantziarioak baino altuagoak dira. Udalaren egunerokotasuna bermatuta dagoela esan dezakegu beraz”.

Foru Aldundiaren ekarpena aurreko urtekoa baino handiagoa izan da, tasak ere igo egin dira, dirulaguntza batzuk ere aurreikusten dira…, guzti horrek, aurrekontuak handitzea onartu du. “Herrian gauza gehiago egiteko aukera eskainiko digute aurtengo aurrekontuek”.

Bi mozio ere onartu zituzten asteleheneko osoko batzarrean. Batetik, aldiriko tren zerbitzuaren inguruko mozioa onartua geratu zen, EH Bildu eta EAJ-ren aldeko bozkak eta PSOEren aurkako bozkarekin.

Osasungintzari dagokionez, bi mozio ezberdin aurkeztu ziren osoko batzarrera. EAJ eta PSOEk elkarrekin aurkeztutako mozioak ez zuen aurrera egin, EH Bilduren aurkako bozkekin. EH BIlduk aldiz Aiztondoko Herri Mugimenduak aurkeztutako mozioa eraman zuen plenura, eta aurrera egin zuen.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.