Bihar jokatuko du Jon Erasunek profesional mailako azken pilota partida

2016ko azaroaren 5ean egin zuen debuta Erasunek, Asegarce enpresarekin. Bost urteko ibilbide polita egin du profesional mailan eta, bihar, 2022ko urtarrilaren 8an, amaituko du ibilbide hori. Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko du azken partida, Baiko enpresako pilotari gisa. Iñaki Artola izango du bikotekide, eta Agirre eta Aretxabaleta arerio.

Villabonako Behar Zana elkartean hasi zen trebatzen Jon Erasun, harik eta Zizurkilgo Ziotza pilota eskola sortu zen arte. Haurtzaroan nahiz gaztetxotan milaka pilotakada eman zituen Intxaur pilotalekuan, Zimiterioan edota udaletxeko arkupean, Ziotzako begiraleen laguntzarekin nahiz lagunartean. Gazteleku elkartean ere aritu zen denbora tarte batean.

20 urterekin etorri zitzaion pilota profesionalera jauzi egiteko aukera. Atzelari postuan aritu izan da, beti segurtasun handiz jokatuz. Kirol lorpen handienak profesional mailan aritutako lehen bi urteetan iritsi zitzaizkion: Binakako Promozioko txapeldun eta Buruz Buruko promozioko azpitxapeldun izan zen. 2020an ere azpitxapeldun geratu zen Binakakoan Peñarekin jokatutako partidan.

Umiltasuna eta elkartasuna izan ditu ikur, nola kantxan hala pilotalekuetatik kanpo. Elkartasun hori erakutsi zuen, esaterako, Baiko enpresako pilotarien greban.

Zizurkilgo Udaletik, zorte ona opa nahi diogu Jon Erasuni ibilbide berrian eta, profesional mailan ez bada ere, jarrai dezala pilotaz gozatzen.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.