Azaroaren 13an eta 14an, Almendralejon ospatu ziren Espainiako Master Txapelketa eta Federazioen arteko Espainiako Master Txapelketa eta bertan izan ziren Danok Danenako Ekaitz Cortajarena, Andres Rubiños eta Aitor Tecedor, entrenatzailea duten Batis Cortajarenarekin batera.
Larunbat arratsaldean, M 40 taldean, Andres Rubiños eta Aitor Tecedorrek hartu zuten parte. Andres txapeldunorde gelditu zen, 67 kilo kategorian, txapeldunetik kilo bakar batera. Aitor Tecedorrek, 102 kilo kategorian, bere gorputz pixuan marka hoberena egin bazuen ere, ezin izan zuen dominarik etxera ekarri, txapelketan eskatzen zuten gutxiengo marka egitera iritsi ez zelako.
Igande goizean, Ekaitz Cortajarenaren txanda izan zen, M 35 taldean. Espainiako txapeldun gelditu zen, eta hori gutxi balitz, 7 errekor lortu zituen 61 kilo kategorian. Altxaldi guztiak balekoak izan ziren, 96 kilo altxa zituen arrankadan, 117 kilo bi denboratan, eta 213 kilo total olinpikoan.
Ekaitzek, egindako lanari esker, M 35 taldeko kategoria guztiak kontuan hartuta, 2. marka hoberena ere lortu zuen. Txapelketa bikaina egin zuen.
Bestalde Espainiako Federazioen arteko Master Txapelketa honetan, Euskadiko federazioak 2. postua lortu zuen Madrilgoen atzetik.