XXIII. Azoka Berezia, igandean

Aurkeztu dute Zizurkilgo Azoka Bereziaren aurtengo edizioa. Urriaren 10ean hitzordu garrantzitsua izango dugu Zizurkilen. Elikagaiak zein artisauen produktuak ikusi eta erosteko aukera paregabea eskainiko digu azokak. Berezitasun nagusi  bat izango du aurtengo edizioak. Aurreko urtetan egun osokoa izaten bazen ere, aurtengoan goizez bakarrik egongo da zabalik: 10:30etatik 14:30etara.

Dagoeneko 23. edizioa izango da aurtengoa eta izen handia hartua du. Iaz pandemiak ez zuen azokarik egiteko biderik eman, eta aurten hitzordua berreskuratzea lortu da. Maite Amenabar zinegotziak agerraldiaren hasieran azpimarratu duenez, "Dagoeneko XXIII. ediziora iritsi da  Urte hauetan zehar indarra eta izena hartzen joan den hitzordua da eta jende asko erakarri ohi du. Guztiak gonbidatuta zaudete egun horretan Zizurkilgo herrigunera gerturatu eta azokako giroaz gozatzera. Baserritarren produktuak, jakiak, artisauen lanak… denetarik izango da aurtengoan ere. Guztira 35 postu inguru jarriko dira herrigunean barrena". PÇostu horietako batzuk herritarrek jarritakoak izango direla azpimarratu dute; bai baserritarrenak, baita artisauenak ere.

Postua jartzeko proposamena jaso dutenek, oso pozik hartu dute deia. Ainhoa Larrea teknikariak azaldu duenez, "Urte gogorra izan da ekoizleentzat eta gustura hartu dute azokan postua jartzeko aukera hori izatea. Euren lana erakusteko eta saltzeko aukera polita da".

Zentzu horretan, gonbidapen garrantzitsua luzatu du Udalak: "Azokara gerturatu eta giroaz gozatzea oso polita da, baina garrantzitsua da, baita ere, baserritar eta ekoizleeei erosketa egitea. Haietako batzuk horretatik bizi dira eta beste askok hala nahiko lukete. Gure bultzada senti dezaten, egokia litzateke azoka egunean erosketatxoa egitea".

Aparkaleku eta trafiko arazoak sahiesteko asmoz, autobus zerbitzua eskaini ohi du Zizurkilgo Udalak. 10:30etan hasita, doako autobus zerbitzua martxan izango da goizean zehar, herrigunera iritsi ahal izateko. Bi geldialdi egingo ditu Elbarrenan:  Bulandegi bideko errotondan eta Zubiaurretxon. Autobusa joan-etorrian ibiliko da goiz guztian zehar, 15:00ak arte. Zerbitzu hori erabiltzeko deia luzatu du Udalak.

Urriaren 10ean hitzordu paregabea izango dugu Zizurkilen. Goiz polita pasa eta inguruko ekoizleei bultzadatxoa eman ahal izango diegu Zizurkilgo Azokan.

 

Dagoeneko XXIII. ediziora iritsi da Zizurkilgo Azoka berezia. Urte hauetan zehar indarra eta izena hartzen joan den hitzordua da eta jende asko erakarri ohi du. Guztiak gonbidatuta zaudete egun horretan Zizurkilgo herrigunera gerturatu eta azokako giroaz gozatzera.

 

 

Baserritarren produktuak, jakiak, artisauen lanak… denetarik izango da aurtengoan ere. Guztira 35 postu inguru jarriko dira herrigunean barrena. Guztiek ere pozik hartu dute azokarako gonbita. Ea urriaren 10ean eguraldiak laguntzen digun eta goiz ederra pasatzeko aukera dugun.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.