Trafiko seinalizazioa berritzeko lanetan ari dira

Herriko trafiko-seinalizazioaren inguruko txostena landu du Udaltzainburuak azken hilabeteotan. Herrian sumatzen dituen beharrak bildu ditu txosten horretan eta egun hauetan zehar, behar horiei erantzuna emateko lanak egiten ari dira.

Besteak beste, pintura zaharkituta zuten zebrabideak txukunduko dituzte, oinezkoen segurtasuna zaintzeko. Abuztuaren 23an hasi zituzten lan horiek eta epe laburrean amaituko dituzte. Zebrabide berria ere margotuko dute Erniobidea kalean, konpostagunearen parean.

Horrez gain, Zizurkilgo hiru ikastetxeen aurrealdean seinalizazio berezia jarriko da. "Kartel handiak jarriko dira hiru ikastetxeen inguruan, ibilgailuetako gidariek arreta berezia jar dezaten", azaldu du Udaltzainburuak.

Muñoa kalean autoen abiadura murrizteko koskak jarriko dira zoladuran. Auzo horretan abiadura handian ibilbitzen dira zenbait ibilgailu, eta arazoari irtenbidea eman nahi zaio.

Fraisoro aldera igotzeko aldapan, tren geltokiaren pareko aparkalekuaren inguruan, marra berriak margotuko dituzte zoruan. Aparkalekura sartu nahi duten ibilgailuek pasabidea utzi beharko diete Fraisorotik behera datozen ibilgailuei.

Azken Portu inguruan berriz, kamioiei sarbidea debekatzeko seinalizazioa jarriko dute. "GPSak handik sartzeko jarraibideak ematen dizkie askotan, eta Azken Portuko errotonda txikian trabatuta geratzen dira kamioiak. Hori saihesteko, seinalizazio berria jarriko da gune horretan".

Lan horiek eginez, trafiko beharrei erantzuna ematen ari da Zizurkilgo Udala.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.