Hainbat urte dira eskualdean Saseta denfentsa sistemaren inguruko ikerketa lana egiten ari direla. Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatzen eta gidatzen ditu, eta gaztez osatutako bolondres taldea aritzen da lanean.
Zizurkilgo Azarolatxiki inguruan ari dira aurten. Gerrako materiala duen lubaki bat indukatzen aritu dira. 1936. urtean Gipuzkoa altxamendu militarraren aurka defenditzeko helburuz sortutako sistema da. 2021eko indusketa kanpaina 1936ko abuztuan frente errepublikarrak egindako posizio gotortuaren dokumentazioan eta berreskurapenean ardaztuta dago". Gaur egin dute auzolandegiaren beraren eta bertan aurkitutako materialaren aurkezpena. Bertan ziren Aranzadiko ordezkariak, Foru Aldundiko Jon Ganbra, Asteasuko alkate Pili Legarra, Adunako zinegotzi Arkaitz Izagirre, eta Zizurkilgo alkate Iker Urruzola.
Tokiak guda fronte horretan berreskuratutako material kantitate ugariena eman du, eta ikerlariek gudako lehen hilabetetan, Gipuzkoa erdian egon diren euskal fortifikazio eboluzioaren dokumentazioa eta altxatutako tropek Belkoain mendia hartu eta gero utzitako frontearen adaptazioa ikertu dute. Julien Blanco, proiektuaren arkeologia arduradunak azaldu duenez, "Gerrako materialaz gain, eguneroko bizimoduko beste hainbat material ere aurkitu dugu, nola hala, janari-latak, botilak, oinetakoren bat...".
Zazpi metro inguruko gunean egin dituzte indusketa lanak. Aranzadiko kide den Manex Arrastoak azaldu duenez, "Eguraldiak erabat baldintzatu du aurtengo lana. Euri asko egin du eta ezin izan ditugu lanak nahi bezala egin. Ikertu dugun lubakia, ez da oso lubaki landua. Argi ikusten da nahiko inprobisatua izan zela, azken momentuan eraikia. Belkoain tropa altxatuen eskuetan erori zenean eraiki zuten lubaki hau, Belkoiaini begira. Hemen gertatu zenaren inguruko pista asko ematen dizkigu, ordea. Ia hilabetez luzatu zen hemengo egonaldia eta material asko agertu da".
Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek sustatutako proiektua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren giza eskubideen zuzendaritzak ere lagundu du. Foru Aldundiko Jon Ganbrak bereziki eskertu nahi izan du lau Udalek urtero egiten duten ahalegin ekonomikoa eta ahotan hartu du gazteek auzolandegietan parte hartzearen garrantzia. "Garrantzitsua da gazteek hemen gertatu zena ezagutu dezaten. Indusketa hauetan parte hartzeko aukera ematea oso garrantzitsua iruditzen zait".
Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak eskerrak eman dizkie Aranzadi Zientzia elkarteko kideei eta memoria historikoa zaintzearen garrantzia azpimarratu du: "Guk gure aiton-amonengandik jaso genuenan, gure ondorengoei utzi behar diegu. Saseta defentsa sistemaren inguruan lan handia egin da urte hauetan eta Azarolatxiki inguruan ere lan handia egin dute".
Aranzadi Zientzia elkarteak jakinarazi duenez, kanpaina hau gauzatu den gunea Saseta defentsa-sistema edo erresistentzia-puntu gisa ezagutu zen 1936ko abuztuaren eta irailaren artean. Hain justu, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo zonalde horretan euskal milizianoek tropa frankistei aurre egitea lortu zuten, 1936ko abuztuaren 11n Tolosa haien eskuetan erori ondoren. Orain arteko dokumentazioaren arabera ehun biktima inguru eragin zituen konfrontazio handia izan zen bertan. Sektore horrek egin zuen erresistentziari esker, altxatutako militarrei aurre egitea lortu zen, haiek aurreratzea oztopatuz, eta hala sortu zen Eusko Gudarostea.