Gerra Zibilari buruzko hitzaldia, uztailaren 18an, Atxulondon, Karlos Almorzaren eskutik

“Gerra Zibila 1936-1937: erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila” izenburupean, 18-30 urte bitarteko ikasleak auzolandegia egiten ari dira uztailaren 7tik 20ra bitartean, Udako Euskal Unibertsitateak, Udalbiltzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Asteasu, Aduna eta Zizurkileko Udalak eta, Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean antolatuta.

1936ko abuztuan eta irailean matxinada frankistari aurre egiteko lehenengo erresistentziako antolakuntza eta enfrentamenduak Tolosaldean kokatu ziren; horren ondorioz, inguruko herrietan jasotako hainbat gertakari garrantzitsu egon ziren Asteasu, Aduna eta Zizurkileko inguruko mendietan gertakari horien arrastoak aurki daitezkeelarik. Horiek horrela, auzolandegiak irauten duen egunetan zehar, hainbat ekintza eramango dira aurrera: inguruko mendietako lubaki batzuen garbiketa eta indusketa, garaiko dokumentazio historikoaren lanketa, pertsonen testigantzak jasotzea, irteerak eta hitzaldiak arratsaldeetan.

Hitzaldiei dagokienez, auzolandegia antolatu duten herri bakoitzean bat izango da. Uztailaren 18an izango da Zizurkilen, 19:00etan, Atxulondo kultur etxean. Karlos Almorzak orain arte testuinguru honetan aurkitutako dokumentazio eta gertakariei buruzko informazioa emango du bertan.

Beste herrien kasuan, uztailaren 10ean izan zen Adunan, Mikel Errazkin Aranzadi Zientzia Elkarteko kidearen eskutik. Memoria historikoaren inguruko hitzaldi teoriko-praktikoa eman zuen.

Asteasun, berriz, uztailaren 14an izango da, Paco Etxeberriaren eskutik. Gerra zibileko hainbat gertakariz jardungo du hitzaldian.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.