Ekainaren 27an hasiko da 2016ko Oporretan Euskaraz

Aurtengo udaleku irekiek arrakasta handia izan dute, 99 haurrek eman baitute izena epe barruan.

Pedro Mari Otaño ikastetxean ibiliko dira, goizeko 9:30etik 13:30era bitartean, eta astean behin egun osoko irteerak egingo dituzte.

Uztailaren 5ean, esaterako, Aiako Pagoeta bisitatzera joango dira. Bertan, erlategia ikusi ahal izango dute aurrez aurre, eta eztia dastatzeko aukera izango dute. Kandelagintzan ere jardungo dute, Iturrarango parketxean.

Uztailaren 12an, Pasaiako Albaola museora joango dira. Museoan zehar bisita gidatua egin ostean, eskulan-tailerrak egingo dituzte. Ertainek balea egingo dute, papera eta kartulinak erabiliz, eta handienek, berriz, San Juan baleontzi txiki bat sortuko dute, egurrezko pieza desberdinak lotuz eta pintatuz. Txikienek, berriz, Txo Mik Mak txikiaren kareta eta mozorroa egingo dituzte tailerretan.

Uztailaren 13an, Zizurkil Goiko Portxeta baserrira joango dira goizpasa, eta bertatik bertara ikusi ahal izango dute baserri baten eguneroko funtzionamendua.

Uztailaren 20an, Hernaniko igerilekuetara joango dira, egun osoko irteera egitera.

Horrez gain, ekainaren 28an eta uztailaren 14an Asteasuko igerilekuetara joango dira, eta han igaroko dute goiza.

Eta, nola ez, urteroko tradizioari eutsiz, uztailaren 7an San Fermin eguna ospatuko dute.

San Fermin egunekoa ez da festa bakarra izango; izan ere, uztailaren 22an, udalekuen azken egunean, jaialdi handi bat antolatuko dute udalekuei behar bezalako amaiera emateko.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.