Senidetzea protagonista asteburu honetan

Maiatza Saltsan azken txanpan da. Senidetzeari lotutako asteburua izango da azkenengoa. Zizurkil eta Kataluiniako Lladó herriak ofizialki senidetuko dira datorren larunbatean, maiatzaren 31an. Senidetzea hau, iaz hasitako harreman baten ondorio da. "Iaz, El Salvadorreko Meanguera herriarekin senidetu ginela 20 urte betetzen zirela eta, festa handia egin genuen Zizurkilen. Bertara etorri ziren Kataluiniako Llado herriko fanfarre eta erraldoiak. Orduan harremana sortu zen eurekin eta bertan hasitako elkarlanak ekarri du loturak estutzeko balioko duen senidetzea", azaldu du Eva Usandizaga zinegotziak.

Ostiraletik hasita

Ekitaldiak ostiralean, hilaren 30ean hasiko dira. Arratsaldeko 20:00etan kantu jirari hasiera emango zaio Urkamendi elkartetik. Kantu jirak Elbarrenako txokoak alaituko ditu eta gaueko 22:00etan, Lladó-tik etorriko diren herritarrei harrera egingo zaie Joxe Arregi plazan. "Zizurkildarrek eurek prestatuko janariak dastatuz, harrera ekitaldi bat prestatzen ari gara. Zizurkildar guztiei dei egiten diegu kantu jiran eta harreran parte hartzera", azaldu du Usandizagak.

Larunbata, hilak 31, izango da ordea, egun nagusia. Goizeko 10etan ez ohiko Udalbatza egingo da senidetzea onartzeko. "Lladóko Udaleko bi alderdi nagusiek baiezkoa eman zioten senidetzeari eta Zizurkilgo Udalean ere Bildu eta EAJren babesa du ekimenak". Senidetzearen helburuak anitzak direla esan du Usandizagak. "Bi herrietako herriitarren arteko harremana sortzen ari da eta hori areagotu nahi dugu hainbat arlotan. Estaturik gabeko bi nazio gara, bi hizkuntza gutxitu ditugu.... Asko dugu elkarregandik ikasteko". Behin senidetzea sinatuta, goizeko 11:30etan senidetzea erakusten duen plaka bistaratuko da Zizurkil Goiko aparkalekuan.

Adunan festa

Ondoren Aiztondoko Senidetze Egunera batuko dira Lladótar eta zizurkildarrak. Urtero moduan El Salvadorko Meanguera herria eta Aiztondo senidetuta daudela gogoratzeko Senidetze Eguna egingo da, aurten Adunan. "Lladókoak gonbidatu berezia izango dira aurten", zeahaztu du Usandizagak. Egitaraua hau da: 12etan harrera instituzionala Meamguerako ordezkaritzari, 13ean harrera herritarra: Dantzariak,  koroa, txaranga, Porrotx pailazoa... eta beste hamaika ekitaldi izango dira Adunako plazan. 14:30etan bazkari herrikoia egingo da Adunako frontoian. Bazkarirako txartelak salgai daude ohiko lekuetan. 15 euro helduentzat, 10 euro haurrentzat. Aiztondok eta El Salvadorrek elkarlanean jarraitzeko borondatea agertuko dute beraz, beste urte batez.

Eguna borobiltzeko, Aburuza sagardotegian batuko dira zizurkildar eta Lladotarrak, eta Gugaz taldearekin festa izango da Zizurkil Goian. Sagardotegirako izen emateko aukera dago Iriarte, zentroa eta Egarri tabernetan.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.