Biatloia, festa afrikarra eta Kukai asteburu honetan

Maiatza saltsanek aurrera jarraitzen du. Asteburu betea dugu datorrena ere. Maiatzaren 24an, goizeko 11:00etan klasiko bat bihurtu den kirol ekitaldia egingo da Zizurkil Goian: XVI. Biatloia. Haur eta gaztetxoek beren abileziak erakutsiko dituzte beste urte batez.

Festa Afrikarra

Larunbatean bertan, beste ekitaldi bat egingo da: Festa afrikarra. Lehen ere adierazi izan dugun moduan, aurtengo Maiatza Saltsan aniztasunaren inguruan dago ardaztua, erro ezberdinak dituzten zizurkildarren kulturak ezagutzea du xede. "Ohartu ginen Nigeriar ugari bizi direla Zizurkilen. Eurekin harremanetan jarrita antolatu dugu festa afrikarra", azaldu du Leire Zubeldia komunikazio zinegotziak.  Joxe Arregi plazan izango da festa, eguraldi txarra balitz, Atxulondon. 19:00etan Gospel kontzertuaz gozatzeko aukera izango da eta 20:00etan perkusio eta dantza afrikarrak, sabel dantza erakustaldia eta Nigeriako produktuak dastatzeko aukera izango da. "Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu, ondokoaren kultura ezagutuz denok aberasten gara" azaldu du Zubeldiak.

Kukai

Igandean, hilaren 25ean, Kukai dantza taldearen espektakulu berria, "Gelajauziak" ikusteko aukera izango da. Espektakulu honekin, Euskadiko kale ikuskizun onenaren saria jaso zuen Kukaik igaro berri den Leioako azokan. P.M. Otaño plazan izango da ikuskizuna, eguraldiak laguntzen badu.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.