Guztiz arrakastatsua 60-70etan etorritako herritarrei egindako omenaldia

  •  

Joan den larunbat iluntzean erabat bete zen Atxulondo kultur etxeko areto nagusia. Bertan elkartu ziren duela zenbait hamarkada Espainia hegoaldetik etorritako zizurkildar ugari eta baita euren historia ezagutu nahi zuten hainbat herritar ere.  Aurtengo Maiatza Saltsan aniztasunaren eta jatorri ezberdinen inguruan ardaztuta egonik, horren baitako ekitaldia izan zen larunbatekoa. Leire Zubeldia eta Alaitz Ormazabal zinegotziek hartu zuten hitza lehenik.  “Jatorri ezberdinak aipatzean, sarri oso urrutikoengan pentsatzen dugu. Udal gobernutik ordea, aspalditik genuen nahia Zizurkilera Espainia hegoaldetik etorritakoen historia kontatzeko. 40-50 urte daramatzazue gure artean, eta zuen historia jaso behar genuela iruditzen zitzaigun. Horregatik erabaki genuen dokumentala egitea”, azaldu zien Leire Zubeldia komunikazio zinegotziak. Udalaren eskariz, Ainhoa Gil eta Irene Larrañaga kazetari zizurkildarrek egin dute dokumentala. "Esperientzia oso aberatsa" izan dela azpimarratu zuen Gil-ek.

Jon Maiaren hitzaldia

Begiak pantailan iltzatuta egon ziren guztiak ordu laurden pasa irauten duen ikus entzunezkoa ikusten. Amaieran txalo zaparrada handia entzun zen. Horren ostean, Jon Maia bertsolari ezagunaren bizipenak ezagutzeko aukera izan zen. Jon Maia beraren familia jatorri espainiarrekoa izanik, euskal kulturara nola hurbildu zen azaldu zuen. Umore ukituak tartekatuz, hitzaldi sentikorra eskaini zuen Maiak. Bere amona zenaren hiletan gazteleraz kantatu zituen koplak abesten amaitu zuen hitzaldia. Egunari amaiera emateko, Atxulondo tabernan Extremadura inguruko jaki tipikoak jateko aukera izan zen, eta Joxe Arregi plaza, bertako dantza eta kantuak eskaini zituzten Donostiako extremeñoen zentruko kideek. Ilundu arte aritu ziren bertaratutakoen txalo artean. Bere hitzaldiaren amaieran zera esan zuen Maiak: "Horrelako ekimenak txalogarriak dira eta herri gehiagotara zabaldu behar lirateke. Elkar ezagutzea da elkarbizitzarako bidea". Ekitaldiko zenbait argazki HEMEN

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.