2014ko aurrekontuak onartu dira

Apirilaren 14ko Udalbatzan onartu zituen Zizurkilgo Udalak 2014ko aurrekontuak, Bilduko zinegotzien aldeko botoarekin eta EAJkoen abstentzioarekin. 3.123.000 euroko aurrekontua da, iazkoa baino murritzagoa. Ez dira osatzeko aurrekontu errazak izan, zorraren zama eta egin beharreko inbertsioak orekatzearen zailtasunengatik. “Bi oinarri nagusiren gainean eginak daude, herritarrei zuzendutako laguntza eta zerbitzuei eustea, eta herrian hobekuntzak egiten jarraitzea”, azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak. Hainbat inbertsio ezin izan dira sartu ordea. “Aspalditik esaten ari garen moduan, zorrak mugatzen gaitu. Aurten ere 350.000 euro maileguak ordaintzera bideratuko ditugu. Zorpetze legearen mugan gaude, oso gainetik hartu genuen Udala eta zor asko kendu dugu  baina oraindik inbertsio bat egiteko ezin dugu zorpetu, ez legez, eta ezta arduragatik ere”, zehaztu du Nerea Lizarraga ogasun zinegotziak.

Futbol zelaia

“Kultur arloan ekintzei eta herriko elkarteen laguntzei eutsi egin zaie, iruditzen zaigu hori ezinbestekoa dela herri bizia nahi badugu. Gastu orokorra asko murriztu zen legealdi hasieran eta hori ez igotzea ere helburu dugu. Eta ondoren, ahal den neurrian inbertsioak egin”, aipatu du Lizarragak. Luengok zera nabarmendu du, “inbertsio gehiago egitera bideratu beharko genukeen dirua zorra ordaintzera ari gara bideratzen. Zorra bankuekin duguna batetik, eta bestetik, Aldundiarekin 2009an pilatutako zorra ere ordaintzen amaitu berri dugu”.

Futbol zelaiaren berritzea, Zizurkil goiko parkea, eta aldundiaren diru laguntza bat baliatuz egingo diren hainbat hobekuntza jasotzen ditu inbertsioen alorrak. 2014an egiten ari diren eta egingo diren inbertsioen inguruko argibideak apirilaren 28an emango ditu Udal gobernuak, Atxulondo kultur etxean egingo den batzar batean. Iluntzeko 19:00etan izango da eta herritar guztiak gonbidatuta daude.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.