Zizurkilgo Udal gobernuaren erantzuna

Zizurkilgo Bilduko Udal taldeak, EAJko Zizurkilgo bozeramaile Maria Angeles Lazkanok Diario Vasco egunkarian esandakoei erantzun nahi die.

Hasteko, salatu nahi dugu Lazkano anderea ez dela saiatu ere egin Bilduko taldearekin hitz egiten prentsara jo aurretik. Izan ere, salaketa plazaratu eta egun gutxira jaso zuten oposizioko bi alderdiek aurrekontu proposamena, eta ostiral horretan bertan ohiko udalbatza egin zen, aurrikusia zegoen bezala. 2014ko aurrekontuak apirilaren 14an onartu ziren, Bilduko Udal taldeak nahi baino beranduago, Udalak duen zorra dela eta bizi duen egoera ekonomikoa tarteko. Hala ere, Lazkano andereari gogorarazi behar diogu behin baino gehiagotan onartu zituela berak aurrekontuak beranduago alkate zenean, eta gainera maileguak eskatuz diru kontuak osatzeko (2008 eta 2009an adibidez).

Areago, zinismoaren maila gorena da Lazkano andereak orain bere burua kudeatzaile ona balitz bezala erakutsi nahi izatea. Aipatu moduan, legealdi honetan aurrekontuak osatzeko arazo nagusia Lazkano alkate zen legealdietan pilatutako zorra da. 2011an, Zizurkilgo Udala bankuekin 3 miloi euroko zorra zuela hartu genuen, eta horri gehitu behar zaio aldundiarekin zuen 450.000 euroko zorra eta atzeratutako faktura mordoa.

Gogoratu behar da, Maria Angeles Lazkanok urtero, 2003tik 2010era, mailegu bat eskatu zuela aurrekontuak osatzeko. Bera izan zela Udalaren zorra bikoiztu zuena, eta gaur gaurkoz, ez du horren inguruko azalpenik eskaini. Udala zorpetu zuten gainera, inoiz ezagutu gabeko ordain sariak jasotzen ari ziren garai berean. Datu bezala, soilik aurreko legealdian zinegotziek jasotzen zituzten dietak kenduta, Zizurkilgo Udala urtero 60.000 euro aurrezten ari da.

Hori da Lazkanoren eredua. Legealdi honetan ordea, ez dugu mailegu bat bera ere eskatu. Krisi garai gordinenean, zorra nabarmen murrizten ari gara, eta ahal den neurrian proiektuak garatzen gainera, Zizurkilera hurbiltzen den edonork ikus dezakeen moduan. Adibide moduan, aurten futbol zelaia berritu eta belar artifiziala jarriko da, aspaldiko eskari bati erantzuna eman zaio 3 erakundek elkarlanean lan eginez, Udalak gidatuta.

Zizurkilgo Bildutik, prest gaude proposamenak entzuteko, EAJk 3 urteotan aurkeztu ez dituen proposamenak. Beraien proiektu bakarra atez atekoa kritikatzea da.

Zizurkildarren alde lan egin nahi badute udaletxean aurkituko gaituzte, ez komunikabideetan.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.