"Torturaren Egia: Itzaletik Argira" jardunaldiak arrakastaz burutu dira

Arrakastatsua izan da Zizurkilgo Udalak eta Egiari zor fundazioak elkarlanean antolatutako ekimena.

Hilak 11, asteartean, 125 bat pertsonak erabat bete zuten Zizurkilgo Atxulondo kultur etxea. "Joxe Arregi kasua gogoratuz" izenpean,  Pako Etxeberria forentseak, Iñaki Egaña historialariak eta Maribi Arregi, Joxe Arregi zenaren arrebak solasaldi interesgarria eskaini zuten. "Ekimen hau aurkezteko sarrerako testuan dien bezala, tortura da ezkutuen dagoen indarkeria gurean", adierazi du Pako Etxeberriak.  Hitzez hitz bat egin du Udalaren testuarekin. "Torturatuei eta torturaz hildakoen senideei biktima izaera eta mota guztietako aitortzak ukatu izan zaizkie horretarako eskumena duten erakundeetatik. Esan daiteke beraz, bi aldiz direla biktima, biolentzia jasan zutenen lehenik, eta egia, justizia eta erreparazioa ukatzean ondoren".

Bigarren ekimena, hurrengo egunean, hilak 12, asteazkenean izan zen. "120 horas, Tortura contra Euskal Herria" izeneko dokumentala eskaini zen 50 bat herritarren aurrean. Ondoren solasaldia  izan zen bertaratutakoen eta Lore Bilbao Torturaren Aurkako Taldeko kidearen eta Idoia Muruaga Egiari Zor-eko bozeramailearen artean. "Egia osoa aldarrikatzen dugu, guk kontatu nahi dugu guri gertatutakoa", adierazi zuen Muruagak.  Bertaratutako batzuk euren tortura testigantzak kontatzera ere animatu ziren, askok beti ezkutuan eman izan duten gertaera.

Ostiralean izan zen hirugarren eta azken mahaingurua, Harkaitz Cano idazlea eta Pili Zabala, Joxi Zabalaren arrebarekin. "Katarsia eta kontakizuna" lemapean, emozioz betetako solasaldia eskaini zuten 60 bat herritarren aurrean. Pili Zabalaren kontakizunak malkoa bistan utzi zien askori. Desagerpenaren mina, entzun beharreko gezurren mina, isiltasunaren mina... azalarazi zituen. "Aldarrikatuko dut estatuak onartu egin behar duela egindakoa, euskal herritar askori egindakoa, baina era berean, zen bezalakoa gogoratu nahi dut nire anai kuttuna, eskuzabala, jatorra..", azaldu zuen. Minaren aringarri izan zen Zabalarentzat "Twist" Lasa-Zabala kasua oinarri duen Harkaitz Canoren liburua irakurtzea. Arteak zauriak, ezkutuko egiak azaleratzeko duen indarra nabarmendu zuen Canok, adibide ugari jarriz.

Amaitzeko, hilak 16 igandean, ekitaldi nagusia egin zen. Jexux Mari Irazu eta Amaia Agirreren bertsoak, olerkia, dantza... ekitaldi zaindua izan zen. Unai Romano torturatuak egin zuen ekitaldiko hitzaldi bakarra, egia osoa aldarrikatuz. "Ezinbestekoa da egia osoa jakitea. Eta hor, torturatuak ezin dira ahaztu", nabarmendu zuen. Koldobika Jauregi artistak torturatu guztien memorian eginadako "Barne Kanta" eskultura inauguratuz amaitu zen ekitaldia, torturaz hildakoen senideak eskulturaren ondoan zirela.

Zenbait argazki HEMEN

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.