Kalitatezko osasun publikoaren aldeko manifestazioa, larunbatean

Tolosako Asunción Klinikak bizi duen egoera salatzeko manifestazioa deitu dute langileek eta herritarrek, larunbaterako. Tolosako Plaza Zaharretik aterako da manifestazioa, 12:30etan. Azken asteotan COVID kasuek gora egin dute bertako langile eta gaixoen artean. Egoera horrek eragin duen kezka azaltzeko, eta eskualdean kalitatezko osasun arreta publikoa eskatzeko deitu dute larunbateko manifestazioa.

Asunción Klinikako langileek eta herritarrek deitu dute manifestazioa: “Ez da kasualitatea konfinatze hau Tolosaldean eta Asuncionen gertatu izana, beste eskualdeetan ez bezala, hemen ospitale pribatu bat da, arreta zerbitzua eskaintzen duena eta horrek zuzeneko eragina izan du”.

Tolosako Zerkausian eskainitako prentsaurrekoan, hala azaldu zuten langileek: “Urteak dira gure lan baldintzengatik borrokan ari garela. Urteak, gure lan baldintzak duintzea eskatzen, argi dugulako, lan baldintza duinen bidez eskainiko ditugula zerbitzu duinak, kalitatekoak”.

Eskualdeko hainbat herritarrek ere hartu zuen hitza prentsaren aurrean egindako agerraldian: “Ospitalea konfinatu dute, bertan ingresatuta daudenak bisitarik gabe, kontsultak bertan behera, ospitalizazio berriak Irunera. Irunera!! Ez gaude egoera hau onartzeko prest eta argi dugu, langileek esan duten moduan hau ez dela kasualitatea. Interes ekonomikoak, osasun arretaren gainetik jartzearen ondorio da egoera hau”.

Zizurkilgo Udalak bat egiten du larunbateko manifestazioarekin eta haren aldarrikapenekin.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.