Errefusa berriz bilduko da atez ate Zizurkilen uztailaren 6tik aurrera

Joan den martxoan, COVID 19 birusak sortutako osasun-larrialdiaren ondorioz, hondakinen bilketan zenbait aldaketa egin ziren. Besteak beste, garbiguneak herritarrentzako itxi, traste zaharren bilketa eten eta errefusa atez ate bildu beharrean edukiontziak jarri ziren Zizurkilgo kaleetan errefusa biltzeko. Hondakinen bilketa, beraz, egokitu da bizi izan dugun egoera berezi honetan ahalik eta hoberen herritarren beharrak asetzeko, biltzaile eta bestelako langileen osasuna zaintzearekin batera.

Orain, alarma egoera bukatutzat eman den honetan, garbiguneak irekita daude eta traste zaharren bilketa ere martxan dago berriz ere, errefusaren bilketarako lehengo bilketa sistema berrezarri egingo da, hau da, errefusa etxez etxe bilduko da etxeko ontzien bitartez eta arrazoiak hurrengoak dira:

  • Osasun larrialdia bukatutzat emanda, jarduera, ekimen eta ohiko bizimoduaren martxa berreskuratu dugun heinean, egokiagoa deritzogun bilketa-sistema berriz martxan jartzeko beharra ikusi da.
  • Errefuserako edukiontziak kalean¬† eta erabat irekita egonda, herritar batzuek lurrean uzten dituzten poltsak murriztuko zirela uste bazen ere, Zizurkileko puntu beltz gehienak bere horretan jarraitu dute.
  • Mankomunitateak emandako datuen arabera, apirilean Zizurkilgo herrian, birziklatze-tasa 10 puntu jaitsi da apirilean eta maiatzan, urtarriletik martxorako datuekin alderatuz.. Hau da, 2020ko lehenengo hiru hilabetetan birziklatze-tasa %70etik gorakoa izan bazen ere, (%71 urtarrila eta otsailean, %72 martxoan) apirilean eta maiatzean birziklatze-tasa %61ekoa eta %60koa izan da (birziklatze tasa hain baxua azken hiru urtetako abuztuan bakarrik izan da)

Hau guztia kontuan hartuta, uztailaren 6ko astetik aurrera, errefusaren kaleko edukiontziak kenduko dira eta aste horretan, etxeko ontziak, beti bezala, larunbat gauetan atera ahal izango dira, 10ak baino lehenago, atez ate bilduak izan daitezen. Ondoren, aste guztian zehar, ontziak etxean gorde ditzazuela eskatu nahi dugu, biltzaileen lana errazteko eta osasun-neurriak ahalik eta hoberen bete ahal izateko.

Gainera, Zizurkilgo Udaletik zenbait ohar garrantzitsu gogorarazi nahi dizkiegu herritarrei:

  • Hondakinak zuzen sailkatuta dagokion kubo eta egunean atera behar dira.
  • Pixoihalak kuboarekin batera ondo korapilatutako poltsa itxian atera behar dira.
  • Debekatuta dago hondakinak poltsatan atera eta lurrean uztea.
  • Muxukoak edo maskarillak eta eskularruak ez dira kubo horian sartu behar, kubo grisean errefusarekin baizik.

Bukatzeko, argi utzi nahi dugu kutsatzea ez dela eskubidea, ingurune garbian bizitzea, ordea, bai! Beraz, zaindu zure bizilagunak eta Lurra! Horretarako, Hondakin ahalik eta gutxien sortu, berrerabili eta birziklatu!! eta hondakinak dagokion tokian utzi, herria garbi mantentzeko!!

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.