Gaztetxoek zientzia eta teknologia lantzeko proposamen interesgarria: BIZILABE

2020-2021 ikasturtean, Bizilabe Tolosaldea aisialdi-eskaintza jarriko da martxan Tolosaldeko udalen eta Tolosaldea Garatzenen zein Elhuyarren eskutik. Eskualdeko gazteek (2007-2010 jaioak) zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa, ekintzailetasuna eta sormena landuko dute bertan. Horretarako, tailerretan parte hartu eta proiektuak egingo dituzte, STEAM (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) arloetan profesionalak diren emakumeen eta hezitzaileen laguntzarekin, haien gaitasunak garatu eta jabekuntzan aurrera egiteko.

Bestalde, eskualdeko industria sektorea sustatzea, eta bestetik, teknologiaren eta teknikaren alorrean kualifikazio handiko profesionalak sortzeko apustua egiten du proiektuak.

Bizilabe, Elhuyarrek 2011tik martxan duen gazteentzako ikerketa zentroen sarea da. Bilbon, Nerbioi-Ibaizabaleko herrietan eta Debebarreneko herrietan du eskaintza, eta 2020-2021 ikasturtean, Tolosaldera iritsiko da. Proiektua abiatzeko, eskualdeko bi hirigune nagusietan irekiko dira Bizilabe zentroak: Tolosan eta Villabonan, alegia. Tolosako kasuan, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak berritu berri duen instalazioetan gauzatuko dira ekintzak eta, Villabonako kasuan, Gaztelekuan egingo dira. Bietan eskaintza bera izango da.

Zabalik da jada Bizilabe Tolosaldea 2020-2021 eskaintzan izena emateko epea, Bizilabe Tolosaldearen webgunean: https://bizilabe.elhuyar.eus/eu/tolosaldea

Guztira, 30 plaza eskainiko dira Tolosan eta beste 30 Villabonan. Izen-emateek eskainitako plaza kopurua gaindituz gero, itxaron-zerrenda osatuko da. Bestalde, izena ematerako orduan, honako lehentasunezko irizpideak kontuan hartuko dira: izen-emateen hurrenkera, generoaniztasuna (40/60 ordezkaritza) eta eskualdeko herrien arteko aniztasuna, biztanle kopurua kontuan izanik (plazen herena Tolosarentzat izango da, beste herena Villabonarentzat eta beste herena gainerako herrientzat).

Bizilabe Tolosaldearen inguruko informazio gehiagorako eta zalantzak argitzeko:

  • https://bizilabe.elhuyar.eus/eu/tolosaldea
  • Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu
  • 688 632 691

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.