Zabalik dago entitateek Euskaraldian izena emateko epea

Aurtengo Euskaraldiaren berrikuntza nagusia horixe izango da, hain zuzen: norbanakoez gain, entitateek ere izena eman ahal izango dute, talde bezala.

Entitatetzat jotzen dira nolabaiteko formaltasun bat duten pertsona taldeak, normalean helburu batekin elkartzen direnak. Jarduera ekonomiko guztiak entitateak dira (enpresak, tailerrak, komertzioak, ostalaritza-establezimenduak…), baita irabazi-asmorik gabeko elkarteak ere (kirol-elkarteak, kultura-elkarteak, dantza-taldeak, musika-eskolak, gizarte-mugimenduak, elkarte gastronomikoak…) eta entitate publikoak ere (ikastetxeak, udaletxeak, kiroldegiak, administrazioa…).

Entitateek izena eman ahal izateko, ariguneak izan behar dituzte beren baitan; hau da, euskaraz lasai aritzeko guneak. Entitate batek gutxienez arigune bat edo euskaraz funtzionatzeko aukera ematen duen gune bat izan beharko du Euskaraldian izena emateko. Arigune horrek bi baldintza bete beharko ditu: arigune horretako kideek euskaraz ulertzeko gai izan beharko dute (ulertzea soilik eskatzen da, ez da nahitaezkoa euskaraz hitz egiteko gai izatea) eta arigune horretako % 80k, gutxienez, konpromisoa hartuko du Euskaraldiaren garaian, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra arteko tartean, Ahobizi edo Belarriprest modura parte hartzeko.

Bi baldintza horiek betez gero, www.euskaraldia.eus webgunean edo Zizurkilgo Euskaraldia batzordean eman ahal izango dute izena entitateek, irailaren 27ra bitartean.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.