10 lan eguneko epea dago merkatari, ostalari eta enpresari txikientzat laguntzak eskatzeko

Udaleko alderdi guztien babesaz onartu da pandemiak kaltetutako sektoreak laguntzea asmo duen diru laguntza programa. Deialdiaren iragarkia gaur (ekainak 1) argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta eskaera aurkezteko epea 10 lanegunekoa izango da, ekainaren 15era arte.

Zizurkilgo udaletik aurrez azaldu izan duten bezala, aurtengo aurrekontuak Covid 19aren pandemiak eragindako kalteak leuntzera bideratuko da. Hilabeteotan, gizarte zerbitzuak indartu dira, garbiketa areagotu da, osasun eta segurtasun neurrietan inbertitu da eta herria bizirik mantentzeko ezinbestekoak diren merkatari, ostalari eta enpresari txikiengana bideratu da Udalaren ahalegina.

50.000 euroko partida

Alarma egoerak kalte handiak eragin ditu Zizurkilgo merkatari, ostalari eta autonomo ugarirengan. Udalaren dirulaguntzen helburua kalte horiek leundu eta aktibitatera itzulera erraztea da. Erabateko etetea izan duten negozioen kasuan 500€ arteko laguntzak emango dira hileko eta etete partziala izan dutenen kasuan 300€ artekoa. Onuradun bakoitzak gehienez 1.300€ko dirulaguntza izango du. Dekretuan zehazten da aurkeztu beharreko dokumentazioa, negozio edo aktibitateak Zizurkilen egon beharko du eta eskatzaileak frogatu beharko du pandemiak eraginda galera izan duela. Albisteari atxikita duzue dekretua eta bertan jasotzen dira baldintza guztiak. Udalak 50.000 euroko diru partida jarriko du laguntza horietara, kontuan hartzeko zifra udal aurrekontuen murrizketa oso gordina izango den urtean.

Udal eraikinen kasuan negozioak itxita egon ziren epeko alokairurik ez zela kobratuko. Gaur iragarritako diru laguntzak neurri horiek osatzera datoz. Herritarrei deia ere egiten zaie, egoera honetan inoiz baino gehiago, herrian kontsumi dezatela.

Zizurkilgo Udala elkarlanean ari da krisiari erantzuten, martxotik eratua dago krisi mahaia eta alderdi guztien adostasunarekin ari da Udala neurriak hartzen pandemiaren aurrean. Egoera honetan batera lan egitearen garrantzia azpimarratu dute alderdi guztiek.

Erantsiak deskargatzeko:

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.