Zizurkilgo alkateak Aldundiari eskatu dio Udalei ezarri nahi dien murrizketa handia berraztertzeko

Zizurkilgo Udalaren aurrekontuaren %60 da Udalen foru funtsetik jasotzen dena. Udal txiki eta ertain ugariren kasua da hori. Gipuzkoako Aldundiak erabaki du ordea, zerga jaitsieraren maila bereko murrizketa ezartzea Udalei jaso behar zuten diru ekarpenean, %20ko jaitsiera gutxienez. Gainera aurten bertan egin nahi da murrizketa hori hurrengo urteetara luzatzeko aukerarik eman gabe. Zizurkilen kasuan, 420.000 € baino gehiagoko murrizketa litzateke, kasurik onenean.  Horrek Udal txiki eta ertain asko itotzea dakar egoera larri honetan. Modu honetan, beste hainbat alkatek egin duten bezala, Foru Aldundiari murrizketa hori berraztertzea eskatu dio Iker Urruzola Zizurkilgo Alkateak Aldundiko ogasun sailari eta Markel Olano ahaldun nagusiari helaraziteko gutunean.

Erabakiak, adostasunez

Honela dio gutunak,"Maiatzaren 12an Diputatuen Kontseiluak onartutako Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren inguruko erabakia salatu nahi dut. Covid 19aren krisian ere, Udalek lehen mailako erantzuna eman dugu. Ez dugu onartzen

aldebakarrez harturiko erabaki hau eta irtenbidea adostea proposatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari". Lau proposamen aipatzen ditu Zizurkilgo alkateak gutun horretan:

1. Atzera bota dezala UFFF bueltatzeko onarturiko erabakia.

2. 2020ko aurrekontu aurreikuspenak bere horretan manten ditzala udalentzat.

3. Zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, UFFFaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea 2021ean hasita.

4. Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioko dirulaguntza bat bidera dezala udaletara Covid 19ko krisiak sorturiko gainkostuak arintzeko asmoz.

Maiatzaren 14an helarazi dio gutuna Zizurkilgo Alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Egoera bideratzeko borondatea espero dute alkate ugarik, bestela, herritarrak izango direlako kaltetuak.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.