Maiatza saltsan-en barnean ekitaldirik ez, baina herria ezagutzeko aukera paregabea

Osasun krisi honen egoerak baldintzatuta, Zizurkilen ez da aurten kultur hilabete nagusia izan ohi den Maiatza Saltsan egingo. “Mugarrien inguruan ardaztuta genuen aurtengoa, nolabait, herria ezagutzeko gonbita zen mugarriak aitzakia hartuta. Horren barnean, ibilaldi antzeztua eta mugarrien mendi ibilbidea lantzen ari ginen kultura batzordetik, besteak beste”, azaldu du Maite Amenabar kultur zinegotziak. Noski, ekimen nagusi horiez gain, beste hainbat prest zituen kultur batzordeak hilabetean zehar egiteko.

Herria ezagutzeko gonbita

Ekitaldi handirik egin ezin den garaiotan, herria ezagutzeko gonbita egiten du Zizurkilgo Udalak. “Hernandorena Kultur Elkarteak hainbat ibilbide proposamen egin ditu, herriko mugetatik atera gabeko bi ibilbide aurkeztu genituen joan den astean eta oraingoan beste bi jarriko ditugu eskura.  Oraingoen hasiera puntua PM. Otaño plazan da eta aurrekoak baino luzexeagoak dira.  Egunotan, gure herritik ateratzeko dugun muga Zizurkil hobeto ezagutzeko aukera izan dadila. Badakigu, jende asko ari dela herriko txokoak deskubritzen eta gonbidapen hori egin nahi genuke”, azaldu du Amenabarrek. Albisteari atxikita dituzue herriko mugetatik atera gabe egin daitezkeen lau ibilbide proposamenak.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.