Zizurkilgo Udalak triptiko bat atera du, beharrean diren herritarrei laguntzeko

Triptiko horretan ageri da beharrean diren herritarrek Zizurkilen bertan dituzten zerbitzu eta baliabideei buruzko informazioa.

Besteak beste, Udalak konfinamendu-garaian martxan jarri duen 24 orduko arretako telefono-zenbakiaren berri ematen du. 663779727 telefono-zenbakiak, besteak beste, emakume, nerabe zein umeen kontrako indarkeria-kasuak hauteman nahi ditu, arrisku-egoeran daudenei edo indarkeria jasaten ari direnei lagundu ahal izateko. Telefono horrekin harremanetan jartzeko bi bide egongo dira: dei bidez ala Whatsapp bidez. Arrisku-egoeran direnek ez ezik, inguruko norbait egoera ahulean ikusten dutenek ere erabil dezakete aipatutako telefonoa, beharrean dauden guztiek laguntza jaso ahal izatea baita telefonoa martxan jartzearen helburua.

Horrez gain, alarma-egoeran osatu den boluntario-sarearen berri ere ageri da triptikoan. 40 pertsonatik gora bildu dira, adin guztietakoak, herritarrei mota guztietako laguntza eskaintzeko asmoz: erosketak egiteko laguntza, helduen akonpainamendua, lanean dabiltzan gurasoen seme-alaben zaintza...

Saretzea garrantzitsua dela argi geratu da, eta laguntza beharrean diren emakumeek ere sarearen laguntza jaso dezaketela jakiteko, Zizurkilen une honetan lanean diren emakume elkarte eta taldeei buruzko informazioa ere jaso da triptikoan, bai eta horiekin harremanetan jartzeko modua ere. Gauza bera egin da haur eta gazteen kasuan ere, Gaztezulok eskain diezaiekeen komunitateari buruzko informazioa ere ageri baita bertan.

Eta, azkenik, gizarte-zerbitzuei buruzko informazioa zabaldu da triptikoan. Osasun-alarmak beste mota batzuetako alarmak ere sortu dituela jakitun izanik, herritarren eskura jarri nahi izan da gizarte-zerbitzuetatik jaso dezaketen laguntzari buruzko informazioa, bai eta beraiekin harremanetan jartzeko modua ere.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.