Zizurkilgo Udalak dekretua argitaratu du, herriko merkatari eta ostalariei laguntzeko

Zizurkilgo Udalak erabaki du bere eskumenekoak diren gaietan laguntza ematea Zizurkilgo merkatari eta ostalariei, COVID19 birusak sortutako osasun-krisiak eragindako kalteak arintzen laguntzeko. Laguntza horiek eskuratu ahal izango dituzte jarduerak itxi behar izan dituzten Zizurkilgo merkatari eta ostalariek, jarduerarik izan ez dutenek edo aurtengo urtarrileko eta otsaileko datuekin alderatuta negozioan % 60ko galera izan dutenek.

Besteak beste, honako hauek dira dekretuan jasota dauden laguntzak:

- Lokala jabetzan dutenek ez dute ordaindu beharko 2020ko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga. Alokairuan dutenei, berriz, lokalari dagokion Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren zenbatekoa ordainduko zaie.

- Ez zaie kobratuko 2020ko ekonomia-jardueren zerga.

- Ez zaie kobratuko aurtengo 2. hiruhilekoari dagokion zabor-tasa.

- Itzuli egingo zaie aurtengo 2. hiruhilekoari dagokion ur-kontsumoaren zenbatekoa.

Ostalaritzarako erabiltzen diren udal-jabetzako lokalen alokairuaren kasuan, ez da errenta kobratuko, itxialdia indarrean dagoen bitartean.

Dekretuaren testua osorik kontsultatu ahal izango duzue albisteari erantsitako dokumentuan.




Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.