Zizurkilgo Udalaren krisi mahaiak azken asteetan hartu dituen neurriak

Zizurkilgo Udaleko krisi mahaiak osasun larrialdi honen lehen egunetan hartutako erabakien berri eman genuen.

Ohar honen bidez, azken bizpahiru asteetan egin den jardunaren laburbilduma bat helarazi nahi dizuegu. Bizi dugun egoera honi ahalik eta erantzun onena emateko lanean ari gara. Bide batez, Udal gobernuak azpimarratu nahi du elkarlana ezin hobea izaten ari dela Udal gobernuaren, oposizioko alderdien eta Udal langileen artean. Mil esker guztiei.

Hauek hartu diren neurri azpimarragarrienak:

Bolondres sarea: Dozenaka herritarrek eman dute izena Udalak martxan jarri duen sarean beharrean diren herritarrei laguntzeko. Iritsi diren eskariak bideratzen ari gara segurtasun protokolo zorrotz batekin, momentuz, inolako arazorik gabe doa aurrera zerbitzua.

Desinfekzioak: Herriko brigada, garbitzaile eta lorezaintza zerbitzuko langileek ere hainbat desinfekzio lan egin dituzte krisia hasi zenetik jende gehien ibili ohi den guneetan. Hala jarraituko dute.

Merkatariak: Ogasun arloko hainbat erabaki lantzen ari da Udala euren zerbitzua alarma egoeragatik itxita duten komertzioei begira: IBI eta IAE zergetatik kobratutakoa diru laguntza bidez itzultzea, ur eta zabor tasetatik komertzioa itxita egon den aldia deskontatzea eta Udal eraikinak alokairuan dituzten jatetxeei alokairu hori ez kobratzea, nagusienak aipatzearren.

Merkatari eta ostalariekin etengabeko harremanetan gaude eta eman zaie beste erakundeetatik iritsi diren diru laguntzen berri ere. Tolosaldea Garatzen agentziak bere web orrian jasota ditu guztiak, informazio xehearekin.

Gizarte zerbitzuak: Zizurkil barne dagoen Aiztondoko gizarte zerbitzuetan, Udal bulegoetan bezala, harrera telefonoz egiten da eta beharren arabera ematen da zita. Azken asteetan hartutako neurri batzuk:

-Adinekoak zaintzeko etxez etxeko zerbitzuari eutsi zaio, babes neurriak lortuz langileentzat.

-Elikagai bankuak ez ohiko banaketa bat egin du beharrean zeuden familia batzurentzat.

- Adinekontzako memoria tailerra bertan behera geratu zen hasieran baina ikusirik konfinamendua luzatzen ari dela eta bertan adinekoek parte hartzen dutela, telefono bidez martxan jarri dira ostera ere bi helbururekin: Memoria lantzea bata, eta euren egoeraren berri izatea bestea.

-Osasun krisiaren hasieran 70 urtetik gorako herriko adineko guztiei deitu zitzaien Udaletik, eta orain, hilabetea igarota, berriz egingo dira dei horiek Udal ordezkari eta langileen arteko elkarlanari esker.

Kultura: Yoga, Pilates, Forman jar zaitez, Zunba, Sabel dantza, Eskulanak… ikastaro ugaritako irakasleek bideoak zintzilikatu dituzte nahi duenaren eskura daudenak.

Plazida Otaño liburutegiak sare sozialetan argazki lehiaketak egin ditu, gaztetxoen irakurzaletasuna sustatu du, irakurtzeko proposamenak luzatu ditu konfinamendu garaian…

Gaztedia: Gaztezuloko hezitzaileak ere modu telematikoan nerabeekin harremana mantentzen jarraitzen du eta ekimenak egiten.

 

Herritarrei gogorarazten diegu 943.69.10.12 telefonoan eurei laguntza emateko gaudela eta harrera ordutegitik kanpo helbide elektroniko honetara jo dezakete Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu . Era berean informazioa eskura dute www.zizurkil.eus web orrian. Zain dezagula elkar.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.