Zizurkilgo jubilatuen egoitza itxi egingo da behin behinean, eta larunbateko emakumeen irteera bertan behera utzi da

Osasun sailak emandako gomendioari jarraituz, Zizurkilgo Udalak Elizpe jubilatu elkarteari jakinarazi dio jubilatuen egoitzaren behin behineko itxiera, Covid 19 Koronabirusaren zabalpena dela eta. Zizurkilen ez da momentuz kasurik izan, baina kontuan hartu behar da adinekoak direla bereziki zaindu beharreko biztanle tartea. Honela dio Jaurlaritzako osasun sailaren oharrak:  "Gaixotasunaren ondorioek gehien kaltetzen dituzten herritarrak, hau da, adinekoak, gutxiago kutsatu daitezen ekintza gehiago egitea erabaki da. Horregatik, hartutako neurrien maila handitu da eta adinekoen egoitzetan bideratu diren erabakiez gain, adinekoak elkartzen diren guneetara ere prebentzio-neurriak zabaltzen hasi dira. Izan ere, adineko asko elkartzen dituen jarduerak (dantzetan, karta-jokoetan, bingoetan eta abarretan…) Osasun Sailak luzatutako eta leku guztietan hartzen ari diren arretazko neurrirekin bateragaitzak bait dira. Horregatik guztiagatik Osasun Sailak udalen esku dauden adinekoen etxe eta klubak (jolas-jardueretarako zuzendutakoak) aldi baterako ixtea gomendatu du,Euskal Erkidego osoan".

Larunbateko irteera, bertan behera

Datorren larunbatean, martxoak 14, emakumeen urteroko irteera egitekoa zen Udaleko berdintasun sailaren ekimenez. Irteeran parte hartzen duten emakume ugari erretiratuak direla ikusita eta osasun sailak emandako gomendioak jarraituz, Zizurkilgo Udalak irteera hori bertan behera uztea erabaki du, alderdi guztiekin egoera aztertu eta gero. Prebentzio neurri gisa eta arduraz hartutako erabakia dela adierazi dute Udal arduradunek. Zizurkilgo Udalak jakinarazten du aurrerantzean ere osasun sailaren eta adituen gomendioen arabera jokatuko duela, herritarren osasuna bermatze aldera.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.