Otsailaren 28an aurkeztuko da jende aurrean 2020ko aurrekontua

3.372.370€-koa da 2020ko aurrekontua, iaz baino %4,2 handiagoa.

Zizurkilgo Udalbatzak otsailaren 10eko bilkuran onartu zuen 2020ko aurrekontua, EH Bildu, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. “Saiatu gara iritzi ezberdinak batzen aurrekontu hauetan, gure mugen barnean. Datozen urteetarako oinarri bat jarri nahi duten aurrekontuak dira”, azaldu du Iker Urruzola alkateak.

Zorpetzea eta gastu muga

Zizurkilgo Udalak zorra murrizten jarraituko du 2020an. “641.504,86€ko zorrarekin amaitzea aurreikusten da urtea, alegia %20ko zorpetzearen azpitik. Kontuan hartuta 2011an %100koa zela ia zorpetzea, azpimarratzeko datua da”, azaldu du alkateak. Zorra murrizteak ez du esan nahi ordea gastu ahalmena nabarmen igotzen denik. “Inbertsio handiei ekiteko ezin dugu mailegu handi bat eskatu gastu muga araua dela eta, aurreko urtean baino ehuneko txiki bat gehiago soilik gastatzen uzten digu arau horrek, garai batean bururik gabe zopetu zirela argudiatuta jarri zuten araua baina asko mugatzen gaitu inbertsio estrategikoei ekiteko unean. Espainiako gobernu berriak aipatu izan du arau hau kentzeko aukera eta horrela izatea espero dugu”, azaldu du alkateak.

Lehentasunak eta inbertsioak

Ohiko gastuetarako diru partida igo egin da aurtengo aurrekontuetan. “Izan ere, 145.000 € gehiago jarri ditugu auzo ezberdinetan argiteria aldatu, plazak atondu (eserlekuak aldatzen joan, garbiketak egin) herri bideak txukundu eta mantenu lanak egiteko…, uste dugu arlo hori indartu beharra zegoela” esan du Urruzolak. Igo duten beste partida Udal gobernuarentzat estrategikoak diren ekimenentzako diru laguntzak dira. “Esan izan dugu euskara eta feminismoa ardatz ditugula, Tolosaldeko Euskara Mahaiarentzat eta Emakumeen etxearentzat finantziazioa jaso dugu”, zehaztu du. Merkataritza sustatzeko partida bat ere sortu du Udalak, merkatariekin elkarlanean abian jarri duen batzordean ekimenak aurrera eramateko.

Inbertsioen atalean, Plaza Etxeberri etxearen erosketaren bigarren zatiak hartu du partidarik handiena. “Iaz aipatutako gastu muga dela eta, ez zen aurreikusi moduan garatu ahal izan aurrekontua eta aurten eta datorren urtean ordainduko dugu geratzen dena”. 200.000€ bideratuko dira aurten erosketa hori gauzatzera. Bide batez, alkateak herrigunean Herribizigune taldetik abian jarri duten gogoeta prozesuan parte hartzeko deia egin du eraikinaren etorkizuneko erabilerarako ideiak jasotzeko.

Aurrera begirako oinarriak

Inbertsioetan, aipatutakoaz gain, jaso dira datozen urteetarako norabidea zehazten duten partidak. “Esan genuen herri programan Bulandegi auzoa genuela lehentasun. Aurten 90.000€ jarri ditugu Bulandegi bidean lehen zatia egiten hasteko, oztopo arkitektonikoak kendu eta inguru hori txukuntzeko lanei ekiteko. Datozen urteetan ahalegina biderkatuko dugu.” Horrez gain, beste zenbait partida ere jaso dira herri bideak konpontzen jarraitzeko (47.000€), Atxulondo kultur etxeko leihoetan zenbait konponketa egiteko (22.000), larrialdi gune gisa Karidade etxeko Udal lokala egokitzeko (5.000) eta Danena goikaldeko aparkalekuko zoru egokitzeko partida bat ere jaso da (4.500€), besteak beste.

Aurrekontuak aurkezteko bilera

Zizurkilgo Udalak 2020ko aurrekontuen aurkezpen publikoa egingo du otsailaren 28an, arratsaldeko 18:30etan, Plazida Otaño liburutegian. “Zenbaki nagusiak herritarrei aurkeztea betebehar gisa ulertzen dugu. Eta hurrengo urteetan, gure diru mugak arindu eta bide honetan sakondu nahi genuke” azaldu du Zizurkilgo alkateak.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.