Abenduaren 8an amaitu dute Zizurkilgo 8 gaztek "Gazteak eta hizkuntza gutxituak" proiektuko bigarren egonaldia

Erasmus + egitasmoaren barruko proiektua da, eta lehenengo egonaldian, urriaren 29tik azaroaren 4ra bitartean Irlandan egon dira, Elgoibarko, Donibane Garaziko lizeo publikoko eta Irlandako Galway hiriko Muintearas Teo elkarteko beste 24 gazterekin batera.

Proiektuaren jatorria Zizurkil eta Elgoibarko Gaztelekuetan dago, han ikusi baitute Europako gazte trukaketa proiektu bat lantzeko beharra. Izan ere, hizkuntza gutxituetako gazteak kontzientziatu nahi dituzte eta hizkuntza horien erabileraren garrantziaz ohartarazi, betiere, aisialdi testuinguru batean kokatuta. Hala, proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zizurkil eta Elgoibarko udalek eta Donibane Garaziko Nafarroako lizeoak antolatu dute, Irlandarekin elkarlanean. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren babesa ere badu.

Proiektu horren helburua nerabeak Europako hizkuntza aniztasunaz ohartarazteaz gain, Europako leku ezberdinetako gazteek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikustaraztea da. Izan ere, Europan milaka herritar dira egoera diglosikoetan bizi direnak eta Erasmus + proiektuaren bidez, beste hizkuntza gutxitu bateko gazteen eguneroko errealitatea ezagutzeko aukera izan dute. Hori, gainera, aisialdi jardueretan parte hartuz egin dute.

Proiektuan parte hartu duten nerabeek bi herrialdeetan (Gipuzkoa eta Irlanda) astebeteko egonaldi bikoitza egin dute. Egonaldi horietan toki bakoitzeko hizkuntza gutxituaren inguruko errealitatea ezagutu dute eta GAZTEAK ETA HIZKUNTZA GUTXITUAK gaiaren inguruko tailerrak jaso dituzte, herrialde desberdinetako nerabeek beraien hizkuntza gutxituarekiko duten harremanaren inguruan hausnarketa bultzatuz.

Goian aipatu bezala, lehenengo egonaldia urriaren 29tik azaroaren 4ra izan da Galway-n (Irlanda), eta bigarrena, berriz, abenduaren 2tik 8ra Hondarribiko aterpetxean (Gipuzkoa). Irlandako egonaldia gaelikoaren egoera ezagutzeko eta Irlandakoek egoera diglosikoa nola bizi duten hurbilagotik ulertzeko baliatu dute. Abenduko egonaldian, berriz, Euskal Herrian ibili dira 32 gazteak. Astebete pasa dute hemen eta egoera soziolinguistikoa hurbilagotik ezagutzeko baliatu dute. Egonaldi horretan ere, gazte guztiak egon dira elkarrekin eta azalpen eta jarduerak euskaraz eta ingelesez izan dira.

Irlandan eta Euskal Herrian egin dituzten egonaldi horietan hamar tailer egin dituzte, 5 Irlandan eta 5 Gipuzkoan. Tailer horietan hizkuntza gutxituen gaia landu eta sakondu dute, arlo desberdinetan; hezkuntza, musika kirola e.a. Hala, behin Irlandako eta Euskal Herriko egonaldiak bukatuta, nerabeek lanketa berezia egingo dute Gaztelekuetan eta ikastetxeetan, haien esperientzia zabal dezaten eta euren inguruan hizkuntza ohiturak aldatzen saia daitezen.


Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.