Zizurkilgo udalbatzak Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia salatu du

EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin onartu da ebazpena. PSEko bi zinegotziek aurkako botoa eman dute. Autodeterminazio eskubidearen defentsa egin du Zizurkilgo udalbatzak.

Zizurkil Llado Kataluniako herriarekin senidetuta dago 2013az geroztik. Eta, hain zuzen, Lladoko herriari elkartasun mezua ere bada onartutakoa, ebazpena Lladoko Udalera bidaliko baita, besteak beste. Urriaren 17ko udalbatza berezian, EAJ eta EH Bilduk onartutako testuak Kataluniako hainbat Udalek onartutakoa du oinarri. 8 puntutan sententziarekiko desadostasuna azaltzen da, presoak askatzeko eskatzen da eta erreferenduma ez dela delitu azpimarratzen da, besteak beste. Hirugarren puntuan autodeterminazio eskubidearen defentsa egiten du Zizurkilgo udalbatzak. “Autodeterminazio eskubidearekin konpromisoa berresten dugu, eskubide politiko funtsezkoa delako Nazio Batuen gutunak eta eskubide politiko eta zibilen nazioarteko itunak dioen bezala, Espainiako estatuak ere sinatu zuen ituna”. Era berean, Zizurkilgo Udalak bat egiten du sententziaren aurkako protestekin, eta Euskal Herrian deitzen diren ekimenetan parte hartzeko deia egiten die zizurkildarrei. Lehen ekimena hilaren 18an izango da, eguerdiko 12:00etan lantokietan egingo den elkarretaratzearekin bat eginez, Udal langileek Joxe Arregi plazan egingo duten kontzentrazioan parte hartzeko deia luzatzen du Zizurkilgo Udalak.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.