Urriaren 13an, Zizurkilgo XXII. Azoka Berezia

Zizurkilgo jai egutegian erabat txertatu dago jada urriko azoka berezia. Urriaren 13an izango da aurtengoa, igandez, aldaketa batzuekin. “Nekazaritza eta janari postuak, Teodoro Hernandorena kalean egon ohi direnak, goizez soilik egongo dira. Ikusten genuen arratsaldean apenas saltzen zutela, eta luzea egiten zitzaiela”, azaldu du Maite Amenabar kultura zinegotziak. Aldiz, frontoiko eskulangileei goiz eta arratsaldez egoteko aukera emango zaie. Azokak 10:30etan irekiko ditu ateak.

Bazkaria eta herri kirolak

Zizurkilgo azoka berezian azken urteetan saiakera egiten da haurrentzako ekimenak antolatzen. Eguraldia lagun bada, puzgarriak izango dira eta tailerrak goizez, eta arratsaldez pottoketan ibiltzeko aukera ere izango da. Bazkariari dagokionez, azken urteetako bideari jarraitu zaio. “15 eurotan jarri da, salda eta urdaiazpikoa, paella, postrea, kafea eta txupitoarekin. Zimiterioan izango da eta, ohi bezala, ahal den neurrian azokako produktuak erabiliko dira bazkaritarako”, azaldu du Amenabarrek. 18:30ean, aldiz, Gipuzkoako Harri Txiki Txapelketa ospatuko da, eta, ondoren, txakolin dastaketa egingo da. Egun guztian zehar, gaueko 21:00ak arte autobusak ibiliko dira herrigunetik Elbarrenara.

 

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.