Zizurkilgo Udalak aho batez onartu du 2019ko aurrekontua

Aurreko urtekoa baino %8 handiagoa da aurrekontua, eta zortzi urtean lehen aldiz zorpetzea aurreikusten du.

Urtarrilaren 28ko Udalbatzak aho batez onartu zuen 2018ko aurrekontua, legealdi honetako azkena. 3.598.640€ ko aurrekontua da, azken urteetako aurrekontu altuena. Ulergarria da hori mailegu bat eskatzea jasotzen baita aurtengo aurreikuspenetan inbertsio nagusi bati aurre egiteko. “Pozgarria da aho batez, hiru alderdi politikoon adostasunarekin aurrera atera izana”, adierazi du alkate gisa azken aurrekontuak aurrera atera dituen Joxe Mari Luengok.

Plaza Etxeberri

2019 urteko inbertsio nagusia izango da Plaza Etxeberri eraikinaren erosketa, 450.000 € bideratuko dira aurten P.M. Otaño plazako eraikina erostera. “450.000 euroko mailegua jasoko dugu 2019an, baina horietatik 150.000 euro aurten bertan itzuliko ditugu crédito puente baten bidez, beraz Udalak 2019a miloi bat euroko zorrarekin amaitzea aurreikusten dugu, asko igo gabe”.

Plaza Etxeberri eraikinarena inbertsio nagusia izan arren beste hainbat ere jasotzen dira, oro har 649.000 euroko partida baita inbertsioetakoa. “Plazako estalpea amaitzeko behar diren aleroak jartzeko, herri bideak konpontzeko (Zaratera doana tartean), Aristegi edo herri mailan zezen plaza deitzen zaion eraikineko etxearen atzeko parkea berritzeko eta Zizurkil goiko edo herriguneko energia beharrak asetzeko transformadorerako diru partidak jasotzen dira, besteak beste”, zehaztu du alkateak.

Gainontzean, pertsonal sailean ere igoera bat dakarte aurrekontuak, udal langileei %2,25 igo zaielako soldata, “legeak uzten zigunaren mugan”.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.