Elkartasun-bilketa egingo da urtarrilaren 31ra bitartean, Tolosaldea Sahararekin elkarlanean

Zizurkilgo 3 ikastetxeetan (Pedro Mª Otaño, Zubimusu ikastola eta San Millan), Plazida Otaño liburutegian eta udal-bulegoetan utzi ahal izango dira Saharako herritarrei laguntzeko produktuak.

Urteroko moduan, honako produktu hauek bidali ahal izango dira kanpamentuetara: elikagai ez galkorrak (lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, olioa), higiene-produktuak (konpresak eta haur eta helduentzako pixoihalak) eta eskola-materiala.

Duela 43 urtetik, saharar herria ez ohiko egoera batean bizitzera behartuta dago, eta, orduz geroztik, 3 eremutan banatuta daude bertako herritarrak. 180.000 lagun Tindoufen (Aljerian) kokatuta dauden errefuxiatu-kanpamentuetan bizitzera behartu zituzten. Bertako bizi-baldintzak oso gogorrak dira: udan 60 ºCtik gorako tenperatura, elikadura- eta ur-eskasia... Kanpo laguntzaz bizi dira.

Beste milaka lagunek Marokok legez kanpo okupatua duen lur-zatian bizirauten dute, bertako egoera politikoa oso bortitza delarik eta bizi-baldintza duinak izatea ezinezkoa izanik.

Nomadak, aldiz, lurralde askatuan bizi dira, harresian dauden minak oso presente dituztelarik.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak oso presente ditu 3 eremuak, eta urte garai honetan, elkartasun-bilketa jartzen du martxan. Urtarrilaren 31ra arte eman ahal izango dira produktuak goian aipatutako tokietara, eta elkarteak otsailaren erdialdean bideratuko ditu saharar errefuxiatu-kanpamentuetara.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.