Zizurkilgo Udalak 860.000 euroko zorrarekin amaituko du 2018a

2002tik hona izan duen zorrik txikiena du Zizurkilgo Udalak, 8 urtez jarraian mailegurik eskatu gabe diru kontuak itxi dituelako EH Bilduren Udal gobernuak.

2011ko ekainean Bildu alkatetzara iritsi zenean Gipuzkoako herri zorpetuenetakoa zen Zizurkil. “Krisi betean Zizurkilek biztanleko 1.000 euro pasako zorra zuen, 3 miloi euroko zorra genuen bankuekin interesak kontatu gabe, eta horrez gain foru aldundiarekin 450 mila euroko zorra pilatuta. Eta atzeratutako fakturak ere bai, guk ordaindu genituen urtebete lehenagoko fakturak ere. Horrek guztiz baldintzatu gaitu urteotan”.

Egoerari aurre egiteko txoke plan bat prestatu behar izan zen. “Arlo guztietan murriztu genuen gastua: Kultur ekitaldietan, diru laguntzetan, inbertsioetan… Eta Udalaren kontratu guztiak gainbegiratu eta merketu genituen. Lehen urtean bakarrik 700 mila euro erabili zen zorrik zorra ordaintzen”, azaldu du alkateak.

Aurrekontuak egiten ikasi

Zizurkilgo Udalak urtero mailegu bat eskatu zuen 2003tik 2011ra (ikus grafikoa) . Hori aldatzeko aurrekontuak egiteko modua aldatu behar izan dela dio Luengok. “2011tik hona mailegurik ez eskatzeak esan nahi du aurrekontu zehatzak egin direla, ez aurrekontua egin eta gero mailegua eskatu lehen egiten zen moduan. Inbertsioak ia beti diru laguntzek lagunduta egiten ahalegindu gara. Horrek moteldu dezake inbertsioa egiteko epea bera, baina guk ez dugu beste aukerarik izan”

Aurtengo urtea ere mailegurik eskatu gabe eta 860.000 euro inguruko zorrarekin amaitzea aurreikusten du Zizurkilgo Udalak. “Bi legealditan, orain arte, 3 miloi eta ia 200 mila euro bideratu ditugu aurrekoek utzi zuten zuloa estaltzera, bakarrik zorra ordaintzera, atzeratutako fakturak kontuan hartu gabe. Beraz iruditzen zaigu bidezkoa dela galdetzea zer proiektu egin ahal izango genituen zama hori izan ez bagenu”, azaldu du Maite Amenabar alkate ordeak.

Alkatearen agurra

Aurrera begira jarrita, “harro esan dezakegu hurrengo legealdian Udalera sartzen denak Udal normal bat aurkituko duela ekonomikoki, bere zorra duena baina kontrolpean dagoena. Eta horrek poza ematen digu herritarrek gehien ikusten duten arloa ez izan arren, diru kontuek baldintzatzen baitute Udal batek arlo gehienetan egin dezakeen lana" azpimarratu du alkateak. Hain zuzen,  gaurko agerraldia baliatu du Luengok maiatzeko hauteskundeetan ez dela berriz alkategai izango iragartzeko. "Lau urte agian gutxi, baina zortzi urte nahikoak dira alkate postuan eta jende berriari lekua egiteko garaia" dela deritzo. Eskerrak eman dizkie Luengok "familiari, pazientziagatik. Bi legealditan ondoan izan ditudan zinegotziei  eta lanean aritu diren herritarrei eurek gabe ezinezkoa litzatekeelako proiektuak aurrera ateratzea, eta azkenik, zizurkildar guztiei. Ohore bat izan da Zizurkilgo alkate izatea".

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.