Gipuzkoako Aldundiarentzat “ez da lehentasunezkoa” Zizurkilgo saihesbidea

2017ko abenduan Udalak onartutako mozioa eskuetan, Gipuzkoako Aldundiarekin bilera izan zuten uztailaren 10ean Udalbatza osatzen duten hiru alderdietako kideek: Joxemari Luengo alkatea, Maria Angeles Lazkano EAJko zinegotzia eta Josean Sanchez PSE-koa izan ziren udalbatzaren ordezkari. Mikel Uribetxeberria Gipuzkoako Aldundiko Bide azpiegituren zuzendari nagusia izan zen Aldundiaren ordezkari.

Zizurkilgo ordezkariek Udalbatzak onartutako mozioak zioen bezala, saihesbidearen proiektuari berrekiteko eta legealdi honetan hasi ezin bazen, bide orri bat markatzeko eskatu zioten Aldundiari.

Garestiegia

“Borondatea badutela” esan zuen Aldundiko ordezkariak, baina erabat baztertu zuen Aldundi horrek berak 2010ean onartu zuen saihesbide proiektua, “garestiegia” dela (21 miloi euro) eta ez dela bideragarria adieraziz. Garai hartako Udalari eskainitako alternatibetatik garestiena hartu izana ere leporatu zion Uribetxeberriak. Aurreko proiektuak baino tunel gutxiago dituen eta oro har merkeagoa den beste ibilbide bat lantzea da Aldundiak mahai gainean jarri zuena, baina Aldundiak berak ez du eskaintza edo proiektu berririk zehaztuta. Udalarekin bilerak egitea proposatu zuen bide azpiegitura zuzendariak, proiektu berria lantzen hasteko. Udala prest dago horretarako baina Luengo alkateak, mozioak dioen bezala, epeak edo bide orri bat zehazteko eskatu zion Aldundiko ordezkariari. Eta ez zen konpromisorik lortu, izan ere, Aldundiko ordezkariaren arabera, Deskargako autobidea da orain lehentasuna eta ondoren beste bi proiektu dituzte egin beharrekoen artean: Deba eta Mutriku artekoa eta Urretxu eta Azkoitia artekoa, azken hori Zizurkilgo saihesbidea baina askoz garestiagoa.

Udal ordezkariek gogorarazi zioten Aldundiari azken neurketen arabera 10 mila ibilgailutik gora igarotzen dela Zizurkil erditik eta arriskua, kutsadura eta zarata nabarmenak direla. Herritarren artean abian jarri den ekimenaren eta haserrearen berri ere eman zioten. “Jakinaren gainean” dagoela izan zen erantzuna.

Zizurkilgo Udalak prozesu bat abiatuko du orain Aldundiarekin saihesbidearen proiektu berria lantzeko baina “etsigarri” jo du Luengo alkateak bilera, Udalbatzaren eskariari Aldundiak ezezkoa eman diola ondorioztatuta. Egungo errepidea ere aztergai izan dute bileran eta bereziki Adunako zuzengunea (Aduna eta Zizurkil lotzen dituen errepidea) lehenbailehen konpontzeko eskaera eraman du alkateak, egoera “onartezinean” dagoelako.

Sinadura bilketa

Guraso talde batek martxan jarrita, sinadura bilketa abian da azken asteetan saihesbidea eskatzeko. Zizurkilen Iriarten, Egarrin, Atxulondo kultur etxean eta Saski kafetegian eman daiteke izena. Herritarrek bezala Udal ordezkariek salatzen dute “Zizurkilek ezin duela hamarkadak itxaroten jarraitu”.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.