Zizurkilgo Udalak aitortza egingo dio herrian hil zuten EAE-ANVko gudariari

Zizurkilen, Zarateko Bentan hil zuten Jose Arana 1936ko irailaren 17an. Frankistek hildako ANVko lehen gudaria izan zen.

 

Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo Udalek Aranzadi Zientzia Elkartearekin eskuz-esku antolatutako auzolandegian Belkoain Zarate-Aitz eta Andazarrate batzen zituen defentsa sistemako lubakiak azaleratu dituzte azken urteotan. Aurten, Larraulgo Udala ere batu da ekimenera eta bertan ari dira lanean gazteak. 1936ko gerran, faxisten altxamenduaren aurrean Candido Saseta generalak diseinatutako defentsa-sistema da bistaratzen ari dena.

“Frente de Andazarrate”

Izen honekin aipatzen da dokumentu zein eskuizkribuetan Aiztondoko lurretan barrena eraikitako 4 kilometroko lubakia. Kandido Saseta buru eurak baino gehiago eta hobeto prestatuagoak zeuden Frankistak mendian geratzea zuten helburu. 34 egunez eutsi zioten tropa frankistei. Abuztuaren 16an sartu ziren Zizurkilen, eta irailaren 19an agindu zien Sasetak bere gizonei erretiratzeko. Karlos Almorza eta Javi Buces historialariek jasoa dute defentsa sistema honi buruzko historia: Saseta defentsa sistema: Armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen izeneko liburuan. Eta bertan hildako gudarien izenak ere agertzen dira, lehena, JOSE ARANA, Zarateko Bentan hil zuten irailaren 17an. Borrokan hildako lehenengo ANVko kidea izan zen. Hari horri tiraka erabaki du Zizurkilgo Udalak herrian hil zuten gudari horri omenaldia egitea.

Polloeko hilerrian

Datorren asteartean, uztailaren 10ean, arratsaldeko 18:00etan egingo da oroimen ekitaldi xumea Donostiako Polloeko hilerrian. Donostiarra zen Jose Arana eta bertan dago lurperatua. Zizurkilgo Udalak Arana oroitzeko jarriko duen plaka bat bistaratuko da gudariaren oroimena gal ez dadin. Ekitaldian izango dira Aranzadiko kideak, auzolandegiko gazteak eta baita Jose Arana beraren senideak ere. Donostiako Udala ere gonbidatu dute. “Giza eskubideen alorrean, biktima ezberdinen aitortza izan dugu ipar orratz azken urteetan Udaletik, frankistek fusilatutako zizurkildarrak edo gertuagoko indarkeria ezberdinek hildako herritarrak aitortu ditugu, eta iruditzen zitzaigun Jose Aranari ere zor geniola hainbeste, herrian hil zutelako faxismoaren aurka ari zela”, adierazi du Maite Amenabar funtziotan Zizurkilgo alkateak. Asteartean kitatuko du zorra Zizurkilek.

 

 

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.