Zizurkilgo bailaren berreskurapen prozesua gauzatu da

Zizurkil, frankismo aurreko garaietan bezala, ofizialki bailaretan banatuko da aurrerantzean eta helbideetatik desagertu egingo dira diseminado edo sakabanatua bezalako kontzeptuak

Hernandorena kultur elkartearen urteetako lana gauzatu da Udalarekin elkarlanean. Joxin Azkue Hernandorena taldeko kideak eta proiektu honen oinarrian ikerketa lan handia egin duen herritarrak aurkezpenean aipatu zuenez, “1391ko agiri batean, herriko pertsonen zerrenda ageri dan Rumes de Nekola, Santxo Legarralde, Santxo Izibar, Pello Pagamuño, Joan Lardamuño, Joan Zaldua, Migel Erretenbarrutia, Martin Iraola, Joan Salugarate, Joan Areta, Joan Galardi, Iragorri, Ugarte, Arizmendi, Otazu, Irazu, Mendizabal, Andia... Horiek guztiak gaur egun dauden baserrien izenak dira. Horrek esan nahi du mendeetan eta mendeetan etxeen izenak garrantzia handia izan duela Euskal Herrian eta Zizurkilen. Eta baserri horiek ondo zehaztutako bailaretan zeuden. Horrek iraun du golpe faxistaren ondorena arte. Udaletxean egon zen idazkari frankistak, hori guztia deuseztatzea erabaki zuen. Guztiari diseminado deitu zioten, etxe bakoitzari zenbaki bat emanaz".

Ia 100 urte geroago, egoera horri buelta ematea izan dute helburu baina XXI. mendera egokituz. Horretarako urteetako lankidetza egin du Hernandorena elkarteak Udalarekin. “Lankidetza polita sortu zen udaletxearen eta Hernandorena taldearen artean. Bi ardatzetan oinarritu gara: Bat, fideltasun historikoa. Agiriak ikusi, jendearekin hitz egin... poliki-poliki ulertu genuen nola banatzen zen administratiboki herria. Eta bi; oinarri hori hartuta, behar berriei erantzun beriak ematea”. Bost bailaratan banatu da herria, lau historikoak, Akezkobailara, Buztinbailara, Elbarrena eta Mendibailara. Elbarrena gaur egun soilik beheko auzoari deitzen zaiola ikusita, eta herritarrekin kontsulta eginda, beste bailara bat eratu da, Ergoiena. Elbarrenako zatia salbu, beste lau bailarek P.M. Otaño plazan dute abiapuntua garai batean bezala. Zizurkil goiko plaza ingurua berriz herrigunea gisa izendatu da.

Helbide aldaketak

Bailara berri horiek jasota geratu dira eta orain hori gizarteratzea geratzen da. Euren etxe edo baserria sakabanatu gisa jasota zutenek sumatuko dute helbide aldaketa, ez Elbarrenan edo herrigunean kalean bizi direnek. Gutunez ofizialki jakinarazi zaie aldaketa izan dutenei. Udaletik azaldu dutenez, "helbide eta toponimo berriak onartuta daude dagoeneko eta helbide berriak eta gizarteratzeko, etxeen eta bailaren izenekin mapa gisako panelak jarri ditu Udalak. Bideak hartu dira ardatz panelak jartzeko: herrigunetik ateratzen diren bost errepideak ardatz hartuta, etxe eta baserrietara heltzeko modua seinalatu da. Horretarako, bost panel jarri dira. Horietako bakoitzean ardatz horretan dauden baserriak markatu dira, baserrien argazki eta guzti".

Herriko toponimoak eta oinez egiteko ibilbideen berri ere jasotzen dute panel horiek. "Panel orokorra Pedro Mari Otaño plazan jarri dute. Panelekin batera, etxe bakoitza identifikatzen duen kartelak ere jarri dituzte, batzuetan egurrezko zutoinetara lotuta, etxeari berari lotuta beste batzutan. Beste hainbat herritan seinaleak jarrita daude baserrietarako eta eskaera hori bazen Zizurkilen ere, bide batez, erantzuna eman diogu”. 189 seinale jarri dituzte

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.