Senidetze asteburu mundiala

Zizurkilek bi herrirekin dituen loturak berritu ditu asteburuan, herrian izan baitira Kataluinako eta El Salvadorko lagunak. 25 urte bete dira Zizurkil El Salvadorko Meanguera herriarekin senidetu zenetik eta urteurren festa horretan parte hartu dute Zizurkilen beste senide diren Gironako Lladoko herritarrek ere.

Ostiralean, harrera

Ostiral iluntzean Joxe Arregin plazan egin zitzaien harrera bi herrietako ordezkariei. Iluntzean, Kantu jiran ibili ziren zizurkildarrak El Salvadortik etorritako 3 ordezkarirekin eta gauean ekitalditxoa egin zen Lladoko kideen iritsierarekin batera. Festarako propio prestatutako zapiak jaso zituzten kataluiniarrek eta Fermin Balentziaren musikaz gozatu ahal izan zen ekaitza lehertu zen arte.

Larunbatean, senidetze eguna

Larunbatean izan zen egun handia. Zizurkil Meanguerarekin duela 25 urte senidetu zen, baina ondoren Aiztondora zabaldu da senidetze hori (Asteasu, Aduna eta Villabona gehituz). Herri guztietako ordezkarak elkartu ziren eguerdian udaletxeko ekitaldi instituzionalean. Ekitaldi hunkigarria izan zen, El Salvadorrekin senidetzea sustatu zuen Josune Arretxe izan baitzuten gogoan, 2010ean hil zen Villabonako zinegotzia. Josune Arretxek berak El Salvadorren egon zenean idatzitako gogoeta liburua banatu zen Udal ordezkarien artean, eta bere amari ere kopia bat eman zitzaion txalo artean.

Arratsaldeko 13:00ean frontoian harrera ekitaldi herritarra egin zen. El Salvadorko ordezkariak Aiztondok emandako bultzadagatik egindako proiektuak azaldu zituzten eta bertso eta kantuak ere ez ziren falta izan. Ondoren 120 bat lagun bazkaritan gelditu ziren eta euskal kantuek (katalanekin nahasiz) alaitu zuten arratsaldea. Aurtengo leloak zioen bezala, “1993-2018, elkartasuna da herrien xamurtasuna”.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.