Tolosaldeko Euskaraldia aurkeztu da Zizurkilen

Euskal Herri osoko 300 herri baino gehiagok eman dute izena jada, azaroaren 23tik abenduaren 3ra ospatuko den Euskaraldiaren antolaketan, eta horietako 25 Tolosaldekoak dira. Udal ordezkari horiek guztiak elkartzeko Zizurkil aukeratu du Galtzaundi elkarteak, aurtengo maiatza saltsan euskaran ardaztuta egiten ari den herria. Udal ordezkariek, herritarrekin batera, Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazi dute.

Euskaraldia euskararen erabilera hauspotzeko antolatutako egitasmoa da eta iraungo duen 11 egunetan «euskaldunak direnen eta euskara ulertzen dutenen hizkuntza ohiturei eragitea» izango da helburua.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera hazteko ariketa pertsonala egingo dute EUSKARALDIAn parte hartzen dutenek. Horretarako, ahobizi edo belarriprest gisa eman ahalko da izena udazkenetik aurrera. Beraz, ekimenean parte hartzeak ariketa egitea esan nahiko du, praktikatzea edo euskara erabiltzea, bi modutara egin ahalko delarik:

Ahobizi: Euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egiteko konpromisoa hartuko duen pertsona izango da ahobizia, baita kideek erdaraz erantzuten dutenean ere. Era berean, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die.

Belarriprest: Ekimenak irauten duen hamaika egunetan, dakienari berarekin euskaraz aritzeko gonbitea egingo dion pertsona da belarripresta, berak euskaraz zein erdaraz erantzun arren. Euskara ulertzea da gutxieneko baldintza, baina hitz egiteko gaitasunari dagokionez, hitz egiteko gaitasun txikia duten pertsonak eta oso ondo moldatzen direnak izan daitezke. Hainbat arrazoi tarteko, hamaika egunetan aho bizi izateko prest ez daudela uste dutenak ere belarriprest izan daitezke.

Herritarrei ekimenaren berri eman eta lan taldeetan parte hartzeko gonbita ere egin zieten bertaratutakoek. Euskararen alde egotetik, euskaraz egitera igarotzeko unea heldu da.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.