Senidetze asteburua maiatzaren 25 eta 26an

25 urte betetzen dira Zizurkilek El Salvadorko Meanguera herriarekin senidetzeko urratsa eman zuenetik. Ondoren Aiztondora (Aduna, Asteasu eta Villabona ere gehituz) zabaldu zen senidetzea. Urteotan asko izan dira Euskal Fondoaren bidez bertan garatu diren ekimenak (Ur azpiegitura ezartzea, hezkuntza eta berdintasun proiektuak, ikasleentzat bekak…) eta handia izan da bestelako elkartrukea ere, eskolen artekoa esaterako. Hori guztia gogoan izango da maiatzaren 26ko senidetze egunea

Ostiralean, Llladokoei harrera

El Salvadorko Meanguera ez da ordea, Zizurkilekin senidetuta dagoen herri bakarra, 2014an Kataluiniako Lladó herriarekin senidetu baitzen. Bi urtez behin egiten duten moduan, Lladoko Udal ordezkari eta herritar zenbait bisitan izango dira asteburuko festara gehituz eta honela, maiatzaren 25 ostiralean, harrera egingo zaie Joxe Arregi plazan (Eguraldi txarrarekin, Atxulondon). Iluntze parteko ekitaldia antolatu da ostiralerako. 20:00etan Kantu Jira egingo da Zizurkilgo musikariekin herriko taberna eta txokoak alaituz. 21:30ak aldera espero da Lladokoen etorrera eta harrera ekitalditxoa egin ondoren, sabela betetzeko aukera izango da zizurkildarrek prestatutako jan edanekin. Gauari amaiera emateko Fermin Balentziaren kantaldiaz gozatu ahal izango da.

Larunbatean, Senidetze eguna

Larunbatean Aiztondo osora zabalduko da festa El Salvadorrekin den senidetzea ospatzeko. El Salvador bertako ordezkaritza bat pleno aretoan dela, senidetuta dauden herrietako ordezkariek harrera egingo diete Udaletxean eguerdiko 12:00etan. Gainera, aurten urteurren bereziarekin bat, El Salvadorren izan eta senidetzean buru belarri sinesten zuen pertsona bat gogoan izango da: Josune Arretxe Villabonako zinegotzi ohia, duela 8 urte hil zena. El Salvadorren izan zenean jasotako gogoeta eta artikuluekin egin zuen lana banatuko da Udal ordezkarien artean.

Arratsaldeko 13:00etan, kalera aterako da festa. P.M. Otaño plazan harrera herrikoia egingo zaie El Salvadorreko lagunei, bertso eta musikaz eta euren hitzak entzuteko aukera ere izango da. Ondoren, 14:30etan, senidetze bazkaria izango da Intxaur Frontoian. Menua: Entsalada nahasia, paella, postrea, kafea eta txupitoa. Senidetzearen erakusgarri, Adunako talde batek prestatuko du paella. Tiketak salgai dira eskualdeko ohiko lekuetan, Zizurkilen kasuan Egarrin eta Iriarten. Haurrek 10€tan eta helduek 15€.

Arratsaldean, frontoian bertan ez da aspertzeko betarik izango. 16:30ak aldera, Porrotx pailazoaren emanaldia izango da txikienen gozagarri eta ondoren euskal kantu ezagunenen kantaldia Faltzestik etorritako talde baten eskutik.

Aurtengo leloak dioen bezala, “1993-2018, Elkartasuna da herrien xamurtasuna”

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.