Goizaldeko suteagatik artatu dituzten guztiek jaso dute senda agiria

Goizaldeko bostak aurrean Ugare auzoko 17. Zenbakian izan den sutea dela eta, jakinarazten dizuegu ospitalean ziren azken biek senda agiria jaso dutela. 5 familiak igaroko dute gaur gaua euren etxetik kanpora, baina horietatik hiruk datozen egunetan itzuli ahal izango dute, argi koadroa konpondu bezain pronto. Herriko langileek momentuko argia jarri dute eraikinaren sarreran.

Itzultzeko denbora gehiago beharko dute beste bi familiak. Garrek kaltetuenak lehen eta bigarren solairua izan dira. Sua piztu den lehen solairuko etxebizitzan bizi ziren 3 pertsonetatik bi, amona eta biloba Donostiako ospitalera eraman dituzte kea arnastuta, baina esan bezala jaso dute senda agiria. Lehen etxebizitza horretan bizi ziren bi txakurrak ostera, hil egin dira. Etxebizitza oso kaltetuta dago, aseguruetako perituak hasi dira lanean eta Udaleko teknikariek ere aztertu dute eraikina. Bigarren solairuko etxebizitza ere kaltetu du suak eta guztiz belztuta geratu da. Familia gehienek senideen etxeetan igaroko dute gaua. Zizurkilgo Udalak familion eskura jarri ditu bere baliabideak eta horietako baten kasuan gizarte zerbitzuek bideratu dute aterpea, epe luzerako izango denez Aldundiko gizarte zerbitzuekin elkarlanean.

Zizurkilgo Udalak bizilagunen jarrera eskertu nahi du egun zail honetan, bereziki lehen ordu horietan etxetik kanpo atera behar izan dutenei emandako babesa laguntza txalogarriak izan dira.

 

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.